Galde diezaiegun Kale Zaharreko eta San Antoneko bizilagunei, zeinak urteak daramatzaten tabernen hots eta zaratekin elkarbizitzen.
Hain zuzen, egoera horri irtenbidea emateko, 2008an, EAJ-PNVren udal gobernuak zaraten kontrol sistema jarri zuen martxan tabernetan, zaraten maila erregistratu eta mugatzeko. Sistema horrek, gainera, konexio zuzena zuen udal zerbitzuekin, zaraten kontrola eta inspekzioa egin eta arau hausteak zigortu ahal izateko.
2011. urtean, EH Bildu gobernura sartu orduko, ordea, akabo ordura arteko inspekzio, kontrol edota muga guztiak! Oñatik atzera egin zuen berriro eta horrekin batera, baita Kale Zaharreko eta San Antoneko egoerak ere. EH Bilduren gobernuak 7 urte daramatza, arduragabetasun osoz, tabernen udal ordenantza bete gabe. Ondorioz, Kale Zaharra eta San Antoneko bizilagunak 7 urte daramatzate gobernuaren axolagabekeriaren eraginak pairatzen, asteburuz asteburu Ertzaintzan salaketak jartzen, zenbait kasutan, gainera, salaketa horiek zigortuak ere izan ez daitezen. Baina are lotsagarriagoa da, 5 urte alkatearekin bilera bat eskatzen egon ondoren, hau oraindik beraiekin bildu ez izana.
Bertakoak entzun ez, baina hara non tabernen ordenantza proposamen berria aurkeztu duen gobernuak: herritarrei eta bereziki kaltetuei kontsultarik egin gabe, adostasunik eta aurkezpenik egin gabe eta, gainera, soilik 15 eguneko epea emanez, udal webgunearen bitartez alegazioak aurkezteko. Eta okerrena: EH Bilduren proposamenak ez du zaraten kontrol zuzen eta automatikoa egitea jasotzen. Horrenbestez, bizilagunek salatzaile paperean jarraitu beharko dute, asteburu zein festetan lo egin nahi badute.
Jeltzaleok, noski, ez gaude ados ordenantza proposamen berriarekin eta honako hau galdetzen diogu udal gobernuari: nola konponduko du ordenantza horrek egungo arazoa?
Nola bermatuko du, kasu honetan, zaratengatik kaltetuak direnen deskantsurako eskubidea?
EH Bilduren udal gobernuak ez bezala, egin dezagun oñatiar guztiok bat gure herritarren alde eta egin ditzagun alegazioak uztailaren 20a baino lehen.
Oñatin guztiok dugulako deskantsurako eskubide bera!
----------
Lourdes Idoiaga
Oñatiko EAJ-PNVren udal taldea
Oñati