Hitzarmen horrek zehaztu ditu, hain zuzen, bai pentsioen jasangarritasuna, bai etorkizuneko erronkei aurre egiteko bidea ere.
Toledoko Hitzarmenak Kongresuko alderdi politiko guztien babesa jaso zuen, baina, tamalez, interes politikoek adostasun berriak lortu ahal izatea galarazi dute. Horregatik, ezinbestekoa da pentsioen gaia gatazka politikotik at uztea, adierazpen eta pankarta oportunistak alde batera uztea eta proposamen zehatzak egitea. Izan ere, aukera dago, borondatea izanez gero, oinarrizko pentsioen finantziazioa, balio handitzea (errebalorizazioa) eta berme arazoak eteteko.
Finantziazio-defizitari aurre egiteko, beharrezkoa da bai gizarte-kotizazioen kutxaren eta Erreserba Funtsaren erabilera legalki babestea eta kotizazio-hobariak beste baliabide batzuekin finantzatzea. Horrez gain, ezinbestekoa da langabezia tasa jaistea kalitatezko lanpostu egonkorrak sortuta; zerga bidezko finantziazio eredu berriak bilatzea – alkohola, erregaiak, BEZa… Europako erreferentziak– eta hain beharrezkoak ez diren ataletan gastu publikoan aurrezkia lehenestea ere bai: aireportuetan, defentsa gastuetan, defizit publikoa hobetuta…
Bestalde, ezin da askoz gehiago itxaron pentsio baxuenei irtenbideak bilatzeko. Ildo horretan, premiazkoa da galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta galdutako ahalmen hori bermatuko duen balio-handitzedun sistema berrezartzea. Baita, gaur egungo etena gainditzeko, pentsio baxuenen balioa handitzea eta beharrezkoak diren oinarrizko pentsioen bermea ezartzea ere.
Horrez gain, bereziki garrantzitsua da alargun pentsioen kalkulua berrikustea. EAJ-PNVtik pentsio horren zenbatekoa hobetzea aldarrikatzen dugu, justizia sozialaren alde; bestelako errekurtsorik gabe dauden milioika pentsiodun -emakume alargunak, batez ere- ezin dira benefizentziaren menpe bizi. Halaber, harago joanda, nahitaezkoa da pentsioen transferentzia lortzea Euskadin etorkizuneko marko propioa eraiki ahal izateko. Horrela, hausturarik gabeko adostasun politikotik abiatuta, egungo eta etorkizuneko pentsioei irtenbide egonkorra emateko bidea jorratzen hasiko gara. Gure proposamena da pentsioen osasuna berreskuratzea.