Eskerrik asko, Iker

Erabiltzailearen aurpegia Lourdes Idoiaga 2017ko mar. 25a, 00:00

Lehenik eta behin, Oñatiko EAJ-PNVk doluminak helarazi nahi dizkie egun hauetan utzi gaituen Iker Jausoro Murgiondoren senitartekoei: ama Kontxita, anaia Ibon, emazte Olatz, Eneko eta Julen semeei, baita haren gertuko lagunei ere.

Halaber, EAJ-PNVtik, lerro hauen bidez, gure alderdikidea, 1995-1999 artean EAJko hautagaia eta 1999-2003 artean Oñatiko EAJren Udal Gobernuko kide ere izan zena, oroitu nahi genuke, baita Oñati hobe baten alde berak egindako ekarpena eta lana gogora ekarri ere. 

Gaztetatik izan zen Iker alderdikide eta gaztetatik egin zuen lan, beraz, Oñatiren eta oñatiarren alde. Euskara eta Hezkuntzako batzordeburua izan zen 1999-2003 artean EAJk gidatu zuen Udal Gobernuan. Bere zuzendaritzapean jarri zen martxan lehen aldiz Oñatiko ikastetxeei diru laguntzak emateko ordenantza eta berak bultzatuta kontratatu zen hezkuntza arloa kudeatzeko lehen udal teknikaria. 

Era berean, aisialdi eta kiroletako begiraleei euskaraz jakitea oinarrizko baldintza gisa ezartzea lortu zuen eta etorkinen Bertakotze Programaren oinarriak finkatu zituen. Gaur egun, guztiek jarraitzen dute oraindik indarrean. 

Horrez gain, Ogasuna, Kirola eta Gaztedia batzordeko kide izan zen Iker. 

Gaztelekuko kontseiluan parte hartu zuen eta bera kide zen garaian osatu zen arlo honetako lehen parte-hartze kontseilua. 

Horrenbestez, EAEn Oñatiko eredua, Ikerrek EAJko kide gisa landutakoa, hain zuzen, izan da parte-hartze horren aitzindaria. 

Gainera, Ur-Jauziak eta Oñatiko Etxegintza udal enpresa publikoen kontseilukide gisa ere aritu zen lanean. 

Kargu horien guztien bitartez Ikerrek beti egin zuen Oñatiren eta oñatiarren interesen alde lan eta ezinbestekoa izan zaigu bere ekarpena aitortu eta eskerrak ematea. 

Herri honen alde egin duzun guztiagatik. 

Eskerrik asko, Iker.

----------

Lourdes idoiaga

Oñatiko EAJ-PNVko Udal Taldea

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak