'Atsedenaren apologia'

Erabiltzailearen aurpegia Lourdes Idoiaga 2017ko urt. 21a, 00:00

Izen hori du Ararteko Manuel Lezertuak eta Nafarroako Herri Defentsariak Javier Enerizek argitaratu duten artikuluak (Noticias de Gipuzkoa, 2016-10-08).

Idatzi horrek Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren (GEEA) iritzia jasotzen du "... kutsadura akustikoak pertsonen osasuna eta osorik izatearen oinarrizko eskubidea urratzen duela" esatean. Idatziak argi uzten du Giza Eskubideen Hitzarmenak "agintariei eskatzen diela pertsonen atseden-eskubidea bermatzeko, gauetako zalapartek sortutako zaraten aurkako neurri eraginkorrak hartuz; halaber, udal-agintariek zarata akustikoen aurrean geldotasunez jokatu dutela ere salatzen du.

Gainera, iritzi artikulu horrek jasotzen duenaren arabera, udal-agintarien eginkizuna da zarata sortzen duten jarduerak kontrolpean edukitzea, neurtze-tresneria erostea, herritarren kexei erantzun azkar eta eraginkorra eskaintzea; eta ofiziozko prozedura hastea. Idatzian ez da eztabaidan jartzen aisialdi-jardueren interesa eta onura, baina horiek jasangarriak izan daitezela eskatzen du.

Ildo horretatik, EAJ-PNVren udal-gobernuak, herritarrekin eta ostalariekin egindako parte-hartze prozesuaren ostean, 2008an, indarrean zegoen ordenantza aldatzea onartu zuen. Ordenantza-aldaketa horrek behartuta, mugagailuak ezarri behar izan ziren musika-tresnerian eta itxiera-ordutegia errespetatu behar izan zen Oñatiko tabernetan. Hala, zigorra jarri zitekeen Kale Zaharreko bizilagunak salaketa ezartzera behartu gabe. Araudi hori indar-indarrean dago oraindik, baina EH Bilduren udal-gobernuak ez du betetzen. Ez hori bakarrik, Kale Zaharrekoen kexak artxibatu ere egin izan dira! 

Beraz, Kale Zaharreko bizilagunen eskaerari fundamentuz erantzuteko, EAJ-PNVk Hirigintza Batzordean hiru aldiz eskatu du dagoeneko (2015-09-22; 2016-05-19; 2016-09-15) guneko "zaraten mapa" urgentziaz egitea eta Kale Zaharreko bizilagunekin, ostalariekin eta Hirigintza batzordekideekin lan-mahai parte hartzailea eta iraunkorra osatzea ere exijitu du. EAJren iritzian, arazoa larria da. Ezin da konpondu bizilagunekin noizbehinkako batzarrak eginda! 

Oñatiko EAJ-PNVk ostalaritzaren jarduera ekonomikoa babesten du, eta saiakera egin behar da alde guztien arteko adostasuna lortzeko, 2008an egin bezala, horrela bermatuko baita oñatiarren atseden-eskubidea.

----------

Lourdes Idoiaga Urkia eta Jon Kepa Gerrikagoitia

Oñatiko EAJren udal zinegotziak

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak