Hala ere, ez gara haren jokoan sartuko, hori ez baita gure eredua; ez da gure estiloa. Guk errespetua, etika eta duintasuna ditugu oinarri.
EAJK ez du gezurrik esan. 2016ko aurrekontuen harira, hauxe da esan duguna: gobernuak aurkeztutako aurrekontuek ez dituzte jasangarritasun eta oreka-irizpideak betetzen, ezta gastu-arauak ere. Horixe bera esan zuen kontu-hartzaileak ere bere txostenean (2015.12.03). Txosteneko 10 eta 11. orrialdeetan, gainera, kontu-hartzaileak dio udalaren kaudimen ekonomikoa neurtzen duten 6 adierazleetatik, 4 negatiboak direla.
Orain arte esandakoa egia ez balitz eta gezurretan ibili izan bagina, gobernuak ez zituen 2017ra atzeratuko duela 3 hilabete onartutako inbertsio-partida batzuk. Jokaera horren aurrean, alkateak esan du “ohiko kreditu aldaketa” izan dela. Baina askoz neurri larriagoa da, hain zuzen, Finantza-Txostena egitea eta Aldundiaren esku-hartzea saihesteko neurria da. Guk adierazitakoa dokumentuen bidez froga daitekeen egia da.
Alkatearen hitzek helburu dute herritarren arreta desbideratzea eta justifikatu ezin dena justifikatzen saiatzea. Bere salaketek, ostera, ez dute gure erantzunik merezi; alkateak irainetara eta salaketetara jo du, hartu duen erabakia defendatzeko. Gure ustean, hori ez da alkate bati dagokion jokatzeko modua.
Dena den, EAJren kudeaketaren emaitza eta ondorioa begi bistan daude, eta herritarrek badakite bereizten; ondo baino hobeto bereiztu ere!. Guk oñatiarren interesen alde lanean jarraituko dugu, eta gobernu-jarduera zorrotz jarraituko dugu, ardurarekin jokatu eta proposamen berriak egingo ditugu. Lan horren lekuko dira, hain zuzen, 2016ko aurrekontuetan aurkeztu genituen proposamen guztiak.
Gu iraintzen saiatu ordez, hobe luke alkateak lanari ekitea, badu-eta nahikoa lan aurrekontuak kudeatzen. EAJk ez du gezurrik esan.
----------
Lourdes Idoiaga
(EAJko zinegotzia)
Oñati