Badirudi erreakzio komunena dela horrelako zerbaiten aurrean esperotako poztasuna inondik ere ez topatzea. Izan ere, nire biziko bidaia egingo dudala esan didate duela gutxi, eta oraingoan benetakoa da. Txikitako ametsak bete ahal izateak dakarren drama hori ahaztuta neukan jada, baina nire zentzumenek jarduna bikoiztu dutenetik heldu zaidan sentsazioz beteriko haizekadak gogorarazi dit. Horrek, eta hileroko marabilosoak.
Hala ere, larritasuna da sentitzen dudana, geldiarazi nau. Hori baita gertatzen omen zaiguna. Gelditzen gara bat-batean, zerbait gertatuko delakoan. Guztia osoki edota partzialki hondatu, kaltetu edo zailduko duen zerbaiten esperoan. Oztopoak bilatzen ditugu, beharrezkoak direlakoan; "ezin da guztia hain ondo joan". Izandako zortea handiegia dela eta ez dugula merezi. Edo bai, baina ez dela normalena. Gauzak ahazten zaizkigula eta konfunditzen garela gizakiak garelako. Gero konpontzen ditugula, baina ez beti, arrazoi berberagatik