Konturatu izan ez banintz, Donostiarako bidean egongo nintzateke dagoeneko. Hiru probintzietako txartel bilduma atera, aukeratu eta azkar pasatu dut makinatik. Euskal Herriari buelta eman nahiko banio, erraz egingo nuke bada, poltsikoan horrelako txartelsortarekin.
Zerbitzu publikoa ezagutu dudala esatea ez legoke hotz, epel baizik. Hiria ezagutzearekin batera ezagutu dut astean bitan denbora eta dirua gastatzeko modu erosoena ere: garraio publikoa. Handik hona eta hemendik hara ibiltzeak lapurtu dizkit hainbat eta hainbat ordu, bestelako ardurarik gabe erabiltzeko, "desentxufatzeko", begiratzeko, idazteko, irakurtzeko, zorabiatzeko edota, nahi izanez gero, aspertzeko.
Errepideko erraldoia den arren, interes gutxi pizten du autobusak honen zuzenbidea ezagutzen ez duenarentzat, behin barruan, edozertaz arduratzea delitu baita.
Txamarra kendu eta argiak itzali dituzte, ordu eta erdi atzeraka, giro epelean igarotzeko. Heltzean, ezezagun bat bilatu edo berak ni aurkitu beharko nau, betaurrekoak eman diezazkiodan, astean zehar irakurtzea nahi badu behintzat.