14 urterekin paretak sudur puntan jarritako kolore biziarekin pintatu, eta sikatutakoan zinta gaizki jartzeagatik atearen koadroa erdi berdea zegoela antzeman nuen. Pintoreak etorri zirenean, berriz, inoiz baino politago zegoen gela. Ez nituen koadroak begiratu. Ikastolako lanen atzerapenek helduen munduan lekurik ez zutela neritzon, ertzainek kafea hartzeko denborarik ez zutela, abokatuak jende prestatua zirela eta juezak miretsi beharreko profesionalak, ondo zegoena eta gaizki zegoena desberdintzeko gai zirenak eta azken honen errepikapena eragozteko neurriak hartzen zituztenak. Eta hazi egin nintzen.
Bat-batean jende despistatua sartu zen amarekin lanera, bat-batean uniformedun autoritateak tabernako atean agertzeak eragin zidan izualdia baretu zitzaidan barran eseri eta pare bat kafe edaten zituztela ikustean eta bat-batean erizainak ez zekien zauria infektatuta zegoenik.
Orain 18 betetzeko beldur naiz, konponbidea okurrituko ez zaidalakoan.