Lekaixoka bertso-eskolako Mikel Mendiaraz, Martin Berrizbeitia eta Aitor Lizarazu kideek Martxoan bertsoa umore eta jolas giroko bertso lehiaketan hartuko dute parte bihar, larunbata, Ezkio-Itsason (18:30). Zumarraga-Urretxuko bertso-eskolak antolatu du hamairugarrenez lehiaketa berezia, eta hirugarren urtez jarraian hartuko du parte Lekaixoka bertso-eskolak bertan. Aurten, gainera, lehiaketak duen zitarik berezienean egokitu zaie saioa: Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri-museoan. Lehiaketako gainontzeko saioak gauez egiten dira tabernetan. Azken urteetan legez, egun horretan irekiko dute Igartubeitiko dolarea, eta bertako sagardoa dastatzeko aukera izango da.
Lehiaketako ariketa bereziei tonua hartzeko, asteon zenbait prestaketa saio egin dituzte Mendiarazek, Berrizbeitiak eta Lizarazuk. Besteak beste, gainontzeko taldeek egingo duten bezala, hasierako agur berezia prestatu dute, euren buruak eta asmoak umorez, zirtoz, antzezpenez eta mozorroz aurkezteko. Ingurukoek ez ezik, Lekaixokako hainbat kide ere hurreratuko dira Igartubeitira saioaz eta giroaz gozatzera.