Osoa, gozoa eta betea

Aretoa lepo bete zen 'Ez da kasualitatea' bertso musikatuen emanaldirako

Aurrez jakinarazi zuten osagaiak ez zituztela kasualitatez aukeratu Aretxabaletako Lekaixoka bertso-eskolako kideek, eta saio gozagarria iragarri zuten ostiral iluntzerako. Eta bete zen iragarpena. Amaia Agirrek gidaturik eta Iker Laurobaren gitarrak eta Eneko Sierraren gitarrak lagundurik, bertso musikatuen emanaldi osoa eta gozoa osatu zuten Miren Amurizak, Jone Uriak, Onintza Enbeitak eta Beñat Gaztelumendik.

Osoa, gozoa eta baita betea ere. Izan ere, Arkupe kultur etxeko Zaraia aretoa lepo bete zen, eta sartu ezinik ere gelditu ziren hainbat. Herriko kultur emanaldietan inoiz gutxitan gertatzen den bezala, adinari dagokionez oso publiko zabala izan zen: haur, gaztetxo, gazte zein helduek bete zuten aretoa.

Horren saio emankorrerako gakoa Agirreren gaiak izan ziren. Gaietako asko tematikari dagokionez gaurkotasunezko eta ohiko gaiak izanagatik, planteamendu berezia eman zien gaiei Agirrek. Hargatik ia gai denek utzi zuten bertso gogoangarri bat baino gehiago. Hargatik eta bertsolariengatik. Agurren aurretik, entzuleen artean egin zuten azken bertsoaldia. Bakoitzari bina objektu eman zien Agirrek publikoan oparitu zitzaten. Ariketarik umoretsuena eta entzuleak erabat piztu zituena izan zen hura. Hala, barrez eta gozatuta utzi zuten aretoa haur, gaztetxo, gazte eta helduek. Ez kasualitatez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak