Kasualitatetik ezer ez duen emanaldi berezia

Erabiltzailearen aurpegia
'Ez da kasualitatea' emanaldi berezia antolatu du biharko (ostirala) Lekaixoka bertso-eskolak. Miren Amuriza, Jone Uria, Onintza Enbeita eta Beñat Gaztelumendi ariko dira bertsotan; Amaia Agirre, gaiak jartzen; eta Iker Lauroba eta Garikoitz Otamendi musikari.

Ezer ez du kasualitatetik Lekaixoka bertso-eskolak bihar (ostirala) iluntzerako antolatu duen bertso musikatuen emanaldiak. Ez da kasualitatea bertsolarietatik hiru emakumezko bertsolariak izatea. Bertsolariak eurak ere ez dituzte kasualitatez aukeratu bertso-eskolako kideek. Miren Amuriza, Jone Uria, Onintza Enbeita eta Beñat Gaztelumendi izango dira. Bakoitza izango da emanaldi gozagarria izateko osagarri. Gai-jartzailea ere ez dute kasualitatez aukeratu: Amaia Agirre bertsolaria. Azken urteetan, bertsotan ez ezik, saio emankorrenetako gai-jartzailea da gai landu, berezi eta emankorrekin. Musikariak ere ez datoz kasualitatez, bertso musikatuen emanaldia izanda: Garikoitz Otamendi eta Iker Lauroba. Hitzordu politerako eta berezirako behar diren osagaiak ditu Ez da kasualitatea bertso musikatuen emanaldiak. Hitzordua bihar, ostirala, izango da, 19:00etan, Arkupe kultur etxeko Zaraia aretoan, eta sarrera lau euro ordaindu beharko da.

            Hainbat bertsolari emakumezkok generoaren gainean egindako lanketak ekarritako proiektua da Ez da kasualitatea bertso musikatuen emanaldia. Bertso plazetan ohi ez bezala, bertsolari emakumezkoak dira gehiengoa oholtzan, eta, azken urteetan zenbait bertso emanalditan zabaldu bezala, bertsolariek musikariak dituzte lagun askotariko doinuekin. Gainerakoan, ohi bezala, bertsoak bat-batekoak dira eta gaiak askotarikoak, ohi ez bezalako saio bakan eta berezi batean.

            Lekaixoka bertso-eskolak hasieratik herriko erakunde eta elkarteekin elkarlanean jardutea izan du helburu, eta honakoa Aretxabaletako Udaleko Kultura Sailarekin abian duen elkarlanaren fruitua da. Aretxabaletarako bertso emanaldi bat antolatzen jarrita, bertso-eskolako kideek emanaldi berezi hori hautatu eta bideratu zuten; besteak beste, bertso-eskolak generoaren gaiarekiko duen kezkagatik eta emanaldiok izaten duten arrakastagatik. Ez kasualitatez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.