Ikasturte honetan, Xabi Igoa Aramaioko bertsolaria arduratuko da Lekaixoka bertso-eskolako helduen taldea dinamizatzeaz. Iazko ikasturtean Miren Amuriza bertsolariak izan zuen ardura hori, baina, aurten, agendak eragotzita, ezin izango du iazko maiztasunez jarraitu helduen taldea. Dena dela, Aretxabaletako bertso-eskolarekin elkarlanean jarraitzen du, eta helduen taldeko martxa ere jarraituko du, maiztasun txikiagoan bada ere.
Helduen taldea bederatzi lagunek osatzen dute egun, eta asteazkenero elkartzen dira 19:00etatik 20:30a bitartean, Arkupe kultur etxean. Iaztik taldea baden arren, interesa duen 17 urtetik gorainoko edonork eman lezake izena helduen talderako. Bertso-eskolako talde guztietarako moduan, aski da nahi izatea. Izena eman nahi duenak lekaixoka@gmail.com helbidera idatzi beharko du. Hilabetean probatzeko aukera izango du, eta epealdi horretan ezin gusturago dagoela ziurtatzen duenean, 50 euroko matrikula ordainduko du. Helduen taldeak eskuzabalik eta gogotsu hartu izan ditu beti kide berriak, eta hala jarraitzen du eskoletarako zein eskolaz haragoko ekintzetarako.
'Ez da kasualitatea', azaroaren 7an
Azaroaren 7rako Ez da kasualitatea bertso musikatuen emanaldi berezia antolatu du Lekaixoka bertso-eskolak Udaleko Kultura Sailarekin elkarlanean. Miren Amuriza, Beñat Gaztelumendi, Onintza Enbeita eta Jone Uria ariko dira bertsotan eta Amaia Agirre bertsolaria gai jartzen. Arkupe kultur etxeko Zaraia aretoan izango da, 19:00etan, eta sarrera 4 euro ordaindu beharko da.