LEKeko asteburuetako ekintzak bueltan dira!

Erabiltzailearen aurpegia Leintz Eskola Kirola 2023ko ots. 2a, 09:11

LEKeko aste honetako post-a.

Asteburu honetako atsedenaren ondoren, bueltan dira LEKeko asteburuetako ekintzak. Aurreko post-aean komentatu genuen moduan, LH 3-6. mailako ikasleek erraketa kirolak eta esku pilota lantzen hasi ziren aurreko astean eta aste honetan ere horretan dihardute. Astean zeharreko saioei bukaera polit bat emateko asmoz, otsailaren 4an erraketa kirolen eta esku pilotaren topaketa bat ospatuko dugu, AKE elkartearekin elkarlanean, Musakolako kiroldegian. Urtarrilaren 25ean zabaldu genuen izen ematea eta gaur izango da ekintza honetan izena emateko azken eguna. Izena eman dutenak mezu bat jasoko dute zapatuko ekintzaren informazio guztiarekin. Hemen kartela.

Kirol egokituko ikasleen topaketa

LEKE kirol egokituko ikasleek ere herri kiroletako topaketa izango dute, Gipuzkoako herri kiroletako federazioarekin elkarlanean, Eskoriatzako Joseba Iñurrategi frontoian. 2023-ko lehen topaketa izango da eta ikasleak oso gogotsu daude herri kirol ezberdinak ezagutu, trebatu eta goiz atsegin bat pasatzeko. Hemen herri kirolen topaketaren kartela.

Eskolarteko boulder topaketa

Ekintza hauetaz aparte, igandean ere badago zer ospatu. Hala nola, otsailaren 5ean, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian Gipuzkoako Eskolarteko Eskalada Boulder Topaketa gauzatuko da. 2006 – 2012. urteetan jaiotako haur-nerabeak bazarete, gonbidaturik zaudete eskalada topaketan parte hartzera. Azpimarratu beharra dago, eskalada aurretik inoiz praktikatu ez duten haur-nerabeek ere inongo arazorik gabe parte-hartu dezaketela, maila guztientzako boulder aukerak egongo baitira. Nola ez, opari zein diplomak ere egongo dira, beraz anima zaitezte!Hemen kartela.

12 ikastetxe 12 tontor

Dagoeneko zuetariko batzuk hasi zarete 12 ikastetxe 12 tontor ekimenarekin. Hasi zaizkigu tontorretako argazki batzuk heltzen eta espero dugu hemendik aurrera ere argazki asko jasotzea. Hemen daukazue ekimenaren inguruko informazio guztia. LEKetik, ekimen honetan parte hartzera animatzen zaituztegu. Koordinatzaileok eramango dugu ikasle bakoitzaren zenbaketa eta gogoratu, ekimenaren argazkiak bidaltzeko epea maiatzaren 29ra artekoa dela. Hemen dituzue argazkiak.

EKKO proiektua

Bukatzeko, EKKO proiektuaren berri eman nahi dizuegu. Nerabezaroan gertatzen diren arrisku portaerek lotura dute gizarte trebetasunetan dituzten gabeziekin eta hori azaleratu da azken urteotan ikasleekin egindako prebentzio esku hartzeetan. Horregatik oso komenigarritzat jotzen da gizarte trebetasunen garapena sustatzea eta horretarako EKKO (Eskola-Komunitatea-Kirola-Osasuna) proiektua martxan jarriko da elkarlanean: Arrasate herri eskola, Arizmendi ikastola, Leintz eskola kirola, Txatxilipurdi, San Juan De Dios eta Udala.

Elkarlan hau osatzeko familien parte hartzea ezinbestekoa dela uste dugu, familia baita beraien seme alaben trebetasun sozialetan eragin zuzena daukana. EKKO proiektuaren aurkezpena bihar, otsailak 2 izango da arratsaldeko 18:00etan KULTURATE-ko areto nagusian. Hemen daukazue informazio gehiago. Espero dugu zuen seme-alabak eskola kirolaz gozatzea eta hemendik aurrera ere horrela izatea.

GOZATU! KIROLAZ HEZI, KIROLAZ HAZI!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak