Arrasatear askorentzat erreferentzia handiko gunea izan da eta da oraindik ere Irati. Horregatik, Irati libre nahi dugu. Libre hazten eta hezten jarraitzeko, libre babesleku bat izateko eta libre etxe bat nahi dugulako.
Baina estatu espainiarrak zein frantziarrak errepresioaren errezeta zahar eta antzuan tematuta segitzen dute eta 2002. urtean abiatutako 35/02 operazioa itxi nahi dute egun, aste edo hilabete gutxi barru. Euskal herritarren kontrako epaiketa politikoen zurrunbilo honen baitan, litekeena da Auzitegi Gorenak 35/02 epaia ematea lau pertsona atxilotzeko arriskuan jarriz eta Euskal Herriko hainbat herritako txoko, taberna eta elkarteak itxiz; Irati, besteak beste.
Euskal herritarren aurkako azken aste eta hilabeteetako gertakariak ez ditugu erraz ahaztuko. Ez ditugu ahaztuko gazteen aurkako atxiloketak, herri harresietan Ertzaintzak emandako jipoiak edota honen aurrean euskal herritarrek erakutsitako duintasuna eta egindako lana.
Salbuespen politika hauekin guztiekin amaitu beharra dugu eta ardurak eskatu nahi ditugu. Ardurak eskatu salbuespen egoera honekin jarraitu nahi dutenei, espainiar zein frantziar estatuetako arduradunei zein Euskal Herriko arduradun politikoei.
Euskal herritarren aurkako erasoak eta epaiketa politikoak geratuko ditugu, auzolanaren eta desobedientziaren bide honetatik jarraituz gero, geratuko ditugu. Ez dugu onartuko 2015. urtean horrelako lege injustuengatik euskal herritarrak atxilotzea. Horregatik, legea hautatu beharrean justizia aukeratzen dugu eta desobedientziaz elkartasunetik konpromisora salto egingo dugu.
----------
Lander Egino Sagasta, Olatz Ibarluzea Santisteban eta Aizpea Otxandiano Madinabeitia
(Irati Libre taldea)
Arrasate