Herri txikia ispilu

Berdintasuna, parekidetasuna, genero ikuspegia, integrazioa… urteotan bolo-bolo dabiltzan hitzak dira hauek. Bada, denon ahotan maiz entzuten ditugu, baina ondoren praktikan jarri behar ditugunean hutsuneak egoten dira beti.

Beti esan ohi da herri txikietako jendea itxiagoa dela, aldaketak onartzea eta praktikan jartzea gehiago kostatzen zaiola. Hori guztia gezurra dela erakusteko, gure herria, Antzuola, hartu dezakegu adibidetzat.

Alde batetik, 2017ko Berdintasunaren Emakunde Saria herrikoa dugun Virginia Imazek eskuratu du; bejondeizula! Bestetik, Oinarin dantza taldea hor daukagu duela urte batzuetatik dantzak modu mistoan eginez; lan bikaina! Auzoko egitasmoa ere hor izan dugu 3-4 urtetan, euskara ardatz hartuta herri kohesionatuago bat helburu duela; ondo egina! Eta ezin ahaztu Mairuaren alardea. Non aurretik aipatu ditudan hitz potolo horiek guztiak praktikan jartzen ditugun, era naturalean eta gatazkarik sortu barik. Non begiratua badaukate herri eta hiri handiagoek.

Berdintasunean oinarritutako herri bat lortzeko pausoak ematen jarraitzeko, herri sentimendua sakontzeko eta, batez ere, geurea delako, uztailaren 14an herriko plazan izango naiz, eta zu? Animatu eta parte hartu Antzuolako alardean!

----------

Lander Dominguez Iturbe

Buruzagi berria

Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak