Batzuk aipatzearren, etxeen desjabetzeak, banketxeen gehiegikeriak, frackinga, ustelkeria eta langabezia. Eskoriatzan, ordea, zerk mobilizatuko herritar talde bat, eta, hondakinak jasotzeko sistemak, ondo! Hala ere, harrigarria, sinesgaitza, pa flipar esango nuke, gizarte kontsumista eta eroso honen isla den ekoiztu-erabili-bota eredua izan da herritar hauek mugiarazi dituena.
Balkoietan zabor poltsak! Zer esan nahi duen ez daukagu argi, errauskailuaren alde edo ohiturak aldatzearen kontra dauden. Ze errebindikatzen dute zabor poltsekin? Akaso betiko zabor poltsa tradizionala edo orain arte bezala zaborra sortzen jarraitu nahi dutela.
Ze burukomin ematen digun ohiturak aldatzeak. Orain arteko bilketa sistemak emaitza txarrak eman baditu, bosgarren edukiontzia jartzeak miraririk egingo duen itxaropena izango du norbaitek. Miraririk ez, gezurrak alde batera utzi eta ontzi marroia ezarrita dagoen herrietako datuak ikusi eta onartu besterik ez. Ondoan daukagu Aretxabaleta bosgarren edukiontziarekin, eta haratago Antzuola, atez atekoaz. Udaletxera jo eta datuak eskatu, biak konparatu eta emaitzak aztertu. Nola da posible zerbaiten aurka egitea hau ezagutu gabe? Eman diezaiogun aukera atez atekoari. Eta gogoratu: zaborrik onena, sortzen ez dena.