Galdera hori egin die World Economic Forum-ek 120 herrialdetako 12.000 enpresa-arduradunei. Haien ustez, nekazaritza, hezkuntza eta energia dira berrikuntza teknologikorako arlorik garrantzitsuenak. Pertsonen beharretara zuzendutako negozioek aukera hobeak dirudite etorkizun erabat digital eta futurista baino. Errenta maila baxu eta ertaineko herrialdeen iritziz, hiru arlo horietara bideratutako teknologiak sortu ditzakeen aukerak punta-puntako teknologia baino handiagoak dira.
Diferentzia handia dago berrikuntza maila handiko herrialdeen iritzia galdetzen badugu. Ameriketako Estatu Batuak, Txina, Japonia, Alemania eta Hego Korea erreferentzia hartuta, adimen artifiziala da lehentasun estrategiko handiena duen teknologia; bigarren, klima aldaketa ekiditera bideratutako teknologia; hirugarren, osasuna eta zaintzara zuzendutako teknologia.
Norabide horietan garapena sustatzeko nabarmentzen diren oztopo nagusiak hiru dira: pertsonen gaitasuna eta talentua; azpiegitura aproposak; eta sektore publikoaren ekimena eta sustapena aldaketa horiek bideratzeko. Beraz, hel diezaiogun bakoitzak dagokigun erronkari, denontzako dago eta.