Slack modu kolaboratiboan lan egiteko erreminta digitalak hainbat herrialdetako ezagutza arloko 9.000 langileri galdeketa egin die etxetik lanean aritzeari buruz. Ondorio interesgarriak atera daitezke bertatik: %12k bakarrik nahi du bulegora jardun osoan itzuli; gehiengo handi bat etxetik eta bulegotik modu hibridoan lan egitearen aldekoa da. Ondorio hau hainbat arrazoitan oinarritzen da. Etxetik ere lan egiteak ordutegi malguagoa edukitzea ekartzen du. Ez dira ohiko bilerak langileak beren enpresetako partaide sentiarazteko modurik hoberena; taldea eraikitzeko dinamika espezifikoak, nahiz digitalak izan, askoz ere erabilgarriagoak dira. Haurren zaintza eta lana uztartzeko hobekuntza nabarmenak ekartzen ditu eredu hibridoak.
Talentu gaztea erakartzeko gaitasun handiagoa ematen dio enpresari. Zuzendariek eta kudeatzaileek beren egitekoa aldatu behar dute; beren ardurapeko langileak kontrolatu ordez, beren bideratzaile eta konektore lana egin behar dute. Enpresaren kudeaketa ereduari hobekuntzak ekarriko dizkio. Halabeharrak ekarritako aldaketa hobekuntzaren iturri bihurtzen ari zaigu. Hala bedi!