Esker ona eta mirespena

Erabiltzailearen aurpegia Laket Auzmendi 2014ko mai. 23a, 00:00

Debagoieneko kide maiteak, ezin dugu hitz gutxitan adierazi zuekin pasatako egunen ostean sentitzen dugun esker on eta mirespena.

Zuekin zuen eskualdean igarotako egunak eta gauak gure bihotzetan idatzita geldituko dira.

Guretzat ohorea izan da zuen eskualdeko errealitatea ezagutzea, oso aberasgarria izan zen larunbateko bisita-tourra, zuen konstestuaren irudi panoramiko bat ulertzea ahalbidetu baitigu. 

Ez dugu sekula ahaztuko Ernaik –antolakunde ahizpa eta erreferentea guretzat– Bilbon deitutako lehenengo manifestazio nazionalean parte hartu izana. Guretzat oso hunkigarria izan da Herrialde Katalanetan haien kontra borroka egiten dugun etsai berberen aurka zuekin batera ateratzea Bilboko kaleetara.

Gure bi herriok bizi dituzten momentu historikoen inguruan izandako eztabaidek eta independentziaren, sozialismoaren eta feminismoaren aldeko borrokari buruzko elkarrizketek aberastuta itzuliko gara gure etxera. Bihotz-bihotzez eskertzen dizuegu gure kontestuaren inguruan duzuen jakin-mina, eta ez gure herriaren egoeragatik duzuena bakarrik, baita gure iritziari eta ikuspuntuari buruz daukazuen interesa ere. 

Aldi berean, zuen gaztetxe eta lokaletan elkarrekin igarotako parranda gauak, elkarrekin partekatutako bazkari-afariak eta "ahizpatasun" momentuak ez ditugu sekula ahaztuko. Zuen harrerak eta zuen eskuzabaltasunak benetan markatuak utzi gaitu. Etxean bagina gisan sentiarazi gaituzue, eta irribarrea besterik ez zaigu irteten azken detailerik txikienaz ere arduratu zaretela gogoratzean. Bai altu jarri duzuela listoia! 

Euskal Herritik, euskal gazteriaren duintasuna, ilusioa eta indar mobilizatzailea ezagutu ostean, benetan indarbeterik itzuli gara. Kultura harrigarria, hain paraje politak, eta zuen lurraldea nola maite eta nola defendatzen duzuen ezagutzeko aukera izan dugu. Estrategiari buruzko, antolakunde eta lan egiteko ereduei buruzko eztabaidez eta gazte mugimendu indartsuak sortzeko ideia berriez bete ditugu gure itzulerako motxilak. Eta elkarrizketa, irribarre, eta sakontzen jarraitzea espero dugun harremanez beteta. 

Itzuleran, are eta ziurrago gaude, herri errebeldeetako gazteriaren borroka soilik internazionalista izan daitekeela; soilik elkarrekin lan eginez suntsituko dugu orden españolista, kapitalista eta patriarkarra. Orain, jarraitzeko uneak dira, borrokan segitzeko uneak, beti egin dugun gisan, eta ez izan zalantzarik, irabaziko baitugu! Guk ez dugu zalantzarik, hala izango baita. 

Gure errealitatea bertatik bertara erakusteko ilusio handiz itxarongo zaituztegu, zuek egindako harreraren neurrian izaten saiatuko gara. Katalan kantu herrikoi batek dioen gisan: gure etxea, zuen etxea da! 

Gazte mugimendua eraikitzen jarraituko dugu! Sozialismoa eraikitzen! Feminismoa eraikitzen! 

Aurrera, gora, euren herriaren askatasunaren alde borrokan diharduen gazteria errebeldea!

----------

Laket Auzmendi

(Arran gazte antolakundeko gazteen izenean)

Sabadell (Herrialde Katalanak)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak