Eskerrik asko, bihotzez

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Uribesalgo 2023ko api. 29a, 00:00

Duela urtebete hil zen ama, ELA gaitzak jota. Hilabete gutxi batzuk izan ziren, baina luzeak eta oso gogorrak: maldan behera bultzatu gintuen bizitzak bortizki eta itsu.

Egoera latzenetan balioesten da bidelagunen garrantzia, eta guk onenak izan genituen alboan. Bergarako osasun zentroan A. Valverde, Blanca Cebrian eta Maika Guridi –beti gauzak errazten–; Arrasateko Etxeko Ospitalizazioko talde osoa, Jesus Millas medikua, Ariane Arruti eta gainerako erizainak; Zainketa Aringarrietako taldea, Iñaki Peña buru –eskerrik asko, bihotzez–. Bizitzak goxoagoa behar luke zuen moduko pertsonentzat: business class-eko hegaldian urte oparoak merezi dituzue, traturik onenarekin.

Izenak eman ditut, eta horrek bere arriskuak ditu, norbait kanpoan gelditu daitekeelako. Baina izenak garrantzitsuak dira, pertsonen jarrerak, profesionaltasunak eta bihotzetik egindako lanak dena aldatzen duelako. Eskerrak gure osasun sistema publikoak halako altxorrak batzen dituen; zain dezagun, benetan zortedunak gara eta.

Ama entzuten dut urrunean zuendako ospitalera erreileno eta tostoiak bidaltzeko eskatzen, baina nik uste dut jendaurreko aitorpena eta esker ona direla egin daitezkeen opari onenak. Zuen lanak ez du preziorik eta ezin da merezi duen moduan eskertu. Zuek zarete gure ongizate eta duintasunaren zaindari, bizitzak zaurgarrien egiten gaituen uneetan.

----------

Larraitz Uribesalgo

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak