Konfinamenduan, bigarren astea

Erabiltzailearen aurpegia Lierni Altuna 2020ko mar. 27a, 06:00

Egoera arraro honetara ez dakit benetan ohitzen ari garen edo egokitzen, baina, bigarren astea betetzear gauden honetan, argia noiz eta nola ikusiko dugun zalantzak ditugu…

Baina egunerokoari heldu diezaiogun, esperantza sekula galdu gabe. Udalean ahal duguna egiten ari gara ur, hondakin, garbiketa eta argiaren zerbitzuak, orain arte bezala, ahalik eta ondoen ematen jarraitzeko, inguruak desinfektatzeko, seguruak diren lan batzuk aurreratzeko… Batzuk, etxetik; beste batzuk, txandaka; beste batzuk, kalean;... eta denok arrisku ikusezin baina latz honi ahalik eta seguruen eta hoberen erantzun eta ahal diogunari eusten gabiltza, denon artean honi ahalik eta hoberen buelta eman ahal izateko. Egoera ez da erraza, kafkianoa da, baina denok momentu batean edo bestean izan ditzakegun gorabeherak ahalik eta hoberen, norbere buruarekin eta ingurukoekin, kudeatzen ikasten gabiltza. Urduri gaude, batzuek tranpa egiten dute, beste batzuek salatu tranpa egiten duena, eta, kasu askotan, ez duena egiten ere bai. Nik ez dakit non dagoen, kasu honetan, zentzunaren neurria, eta kasu batzuetan zer den tranpa eta zer ez… Baina, balkoietatik, gutxiago salatu eta gehiago lagundu, agurtu, komunitatea josten eta halakoetan jarraitu beharko genukeela uste dut… Lehen irakurri dudan txio batek zioen bezala, egoera honetan balkoitik txakurra gehiegi paseatzen duena salatzen dugu, baina, gero, kapazak gara goiko pisuan zaratak eta garrasiak entzunez gero laguntzera igo eta salatzeko? Halako gauzen inguruan ere hausnartzen, desikasten/ikasten, jarraitu beharko dugu... Bukatzeko, ildo berarekin jarraituz, lerro hauek aprobetxatu nahiko nituzke eskaera bat egiteko Herrizaingo Sailari. Momentu hauetan, egoera eta beraien lana ere ez da erraza, baina inoiz baino gehiago herrizaingo izan behar dira, herria zaindu eta lagundu behar dute, legea betearaziz, baina errespetuz. Animo denoi, elkarrekin lortuko dugu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak