Herriko zerbitzuak nola antolatuta dauden eta nola funtzionatzen duten jakin beharra dugu herrian bizi garenok, eta honen berri ematearen ardura administrazio publikoena da. Halere, pertsona migratzaileei bakarrik zuzendutako programa bat egiteak migratzaileak eurak birziklatze tasa baxuen errudun edo erantzule moduan azaltzeko helburua duela iruditzen zait.
Neurri honek erakusten du migratzaileek birziklatzen ez dutela eta bertakoek, aldiz, dena ondo egiten duten aurreiritzia dagoela.
Honelako programa bat praktika arrazista bat dela esan genezake, migratzaileen irudi negatiboa zabaltzen duelako bertakoekin kontrajarria.
Gaur egungo gaikako bilketa sistemak ez du ahalbidetzen birziklatzen ez duten pertsonak nortzuk diren ezagutzea.
Are eta gutxiago pertsona hauen jatorria –bertakoak edo migratzaileak–. Birziklatze tasak jaitsi badira, ez ote da izango egungo sistema ez delako egokiena?
Administrazio publikoei eskatuko –eta eskertuko– nieke eskaintzen dituzten zerbitzuen komunikazioa programatzerakoan eta euskarriak diseinatzeko orduan inklusiboak izan eta bailaran bizi garenon aniztasuna kontuan izateko, eta ez kolektibo batzuen gainean dauden aurreiritziak indartzen dituztenak.
----------
Luciana Alfaro
Bergara