'Bularretik Mintzora': literaturaren boterea

Erabiltzailearen aurpegia KURTZEBARRI ESKOLA (LH) 2025eko abenduaren 4a

2013ko irailean, Kurtzebarri eskola, literatura zein ipuinak lantzeko eta ulertzeko modua eraldatzen hasi zen. Eraldaketa honetan, Bularretik Mintzora proiektua izan dugu bidelagun. 12 urtetako ibilbide honetan, eskola, familia eta liburutegia triangulatzea lortu dugu kalitatezko literatura bermatuz.

"Ttun kurrun kuttun, kurrun kuttun; run kuttunku run kuttun kurrun kuttun. Looooo". (Euskal hitz-joko zaharra).

Hots hori egiten zuten sehaska zaharrek haurra lo egiteko kulunkatzean. Soinu hori, nota iraunkor eta monotonoz betea, gure seme-alabei lo eragiten diena zen, eta hala da ere. Zentzurik gabeko poema apaingarri txikiak dira, errepikakorrak eta normalean onomatopeikoak. Baina, aldi berean, haurra literaturan murgiltzearen hasiera ere badira.

Gure seme-alaben zoriona ingurunera egokitzeko trebetasun emozionalak eta sozialak garatzeko gaitasunaren baliokidea da. Lehen haurtzaroan trebetasun horiek hitz joku, poema, abesti eta ipuinen bidez gara daitezke.

Proiektu honetan egin genuen prestakuntzari esker konturatu ginen guraso, familia zein irakasle batek ipuin bat kontatzen duenean:
● Emozionaltasunez betetzen du; izan ere, ahozko hizkuntza erabiltzeaz gain, adierazpen-osagarri ugari erabiltzen ditu, hala nola, eskuzko keinuak, aurpegikoak, irribarreak, begirada konplizeak, tonalitatea, ahots-aldaketak, etab.

● Sormena garatzen laguntzen da, hizkuntza garatzen laguntzen da, arreta garatzen laguntzen da eta ipuinen emozioak, zein zentzumen guztiak pizten ditu.

● Istorio bat transmititzeaz gain, komunikazio-adierazpenaren estiloa
eta balioak helerazteko oso modu baliotsua ere igortzen da.

● …

Baina arestian aipatutako guztia, gure ustez, icebergaren punta baino ez da. Deskribatutako ezaugarri guztiak narrazioaren ezinbesteko oinarriak dira, eta, jakina, horiek dira proiektuaren muinetariko bat, eta noski, kontuan hartu behar ditugu ipuin bat kontatzeko orduan.

Bularretik Mintzora proiektua haratago doa, ez baitira kontaketaren oinarriak bakarrik kontuan hartzen. Abiapuntu gisa, euskal literatura tradizionala ardatz nagusitzat hartuta eraikitzen den proiektua da, eta ezin
dugu ahaztu, berau, gure ondarearen parte dela eta izango dela beti.

Herri bakoitzak bere istorioak oratzen eta moldatzen ditu, bakoitzak egiten duen interpretazioa kontuan hartuta, hala gure herrian galtzear dagoen ondarea dugu. Proiektu honek euskal literatur tradizionala berreskuratzea du
helburu, daukan aberastasuna azpimarratuz. Horrela, bai haurrei, zein helduei literaturaren transmisioa bermatzea lortzen da.

Bularretik Mintzora proiektuan hasi arte, irakasle gisa, inoiz ez genuen pentsatu ipuinek zenbateko aberastasuna zuten hizkuntza bat transmititzeko orduan; ipuinak kontatzeari ekiten genion, besterik gabe, gaia interesatzen zitzaigulako edo ipuina gelako haurren adinarekin bat zetorrelako, bakoitzak eman ahal zigun aberastasun literarioaz kontziente izan gabe. Honetaz konturatzeaz bat, ipuina kontatzerakoan estimuluak transmititzen ditugu eta haurrek zein helduok eskema lexikal aberatsa eraikitzen ditugu.

Horrek guztiak indar handiagoa hartzen du Euskal Herrian dugun egoera linguistikoa kontuan hartzen badugu, gaztelania baita hedapen, prestigio eta erabilera handieneko hizkuntza.

Prestakuntza hasi zenean, gure kezka nagusia zen; “nola aplikatuko genuen ikasitako guztia gure eguneroko errutinan?” Inoiz ez zitzaigun bururatu literatura modu globalizatu batean aplikatzea, hau da, ipuin berak gure egunerokotasunean lekua izatea modu sistematizatu batean, eta literaturari eskainiko genion denbora-tarte hori curriculum-programa landu batean sartzea.

Itziar Zubizarretak eman zigun formakuntzan, haurrak bere bizitza osatzen duten objektu asko "magikotzat" jotzen dituela ikasi genuen. Liburua, denbora askoan, haurrarentzat magikoa dena da, bere bizitza alda dezakeena, gustagarria dena... Ezagutza horretatik abiatuta, irakasleak (edo helduak) haurrari bere gurariei laguntzeko hurbilduko dizkion proposamenak sartzen dira jokoan.

Hori esanda, Itziar Zubizarretaren eta Bularretik Mintzora proiektuaren laguntzarekin, guk, irakasle garen aldetik, haur-literatura haurraren unibertsoan sartzeko, haren beharretara eta joeretara egokitzeko eta ia jaiotzatik (liburu mintzatua, liburu idatzia) banakako prestakuntza, garapen eta askapenerako tresna iraunkor gisa laguntzeko proiektuak eta programak sistematizatzen ikasi dugu. Eskolak, hain zuzen, haur literatura Hezkuntza-proiektu gisa txertatzeko aukera eskaintzen digu, modu sistematikoa. Baita malgutu egin dezake ere gaiekin, egileekin, bildumekin eta ikuspuntuekin duen harremana, haur irakurlearengana hurbiltzen diren munduak zabaltzeko aukera ematen baitute. Hemen hasten da lan benetan zaila, non irakasleak bere aurreiritziak bateratu behar dituen Biblioteka-eskola-familia-haurra harremanaren kontzepzio berri batekin.

Guraso gehienek amesten dute eskolak, edo ingurune sozialak, edo beraiek, ia magikoki haziko dituztela haur irakurleak. Bada denok erantzukizun osoz barneratu beharko genukeen esaldi bat, Jacqueline Cimazena da eta honela dio: "Ez dugu ez-irakurlerik egiten, ez-irakurle bihurtzen gara". Irakurlearen portaera, ona da gogoratzea, ez da ez kasualitate baten ez mirari baten emaitza. Ahalegin mankomunatu askoren batura da, argitasun eta ezagutza osoz erabili behar duguna. Literaturaren eta haur hartzailearen (maisua, liburuzaina, familia) arteko bitartekariak izango direnen figurak ezaugarri espezifikoekin nabarmendu behar dira.

Uste dugu literaturarekiko maitasuna irakastea ez dela eskolaren erantzukizuna soilik. Gizarte ideal batean, eta, beraz, gizarte irakurle batean, eskola ez da izango liburuarekiko eta irakurketarekiko maitasuna sustatzeko tokia. Haurrak bertara iristean, etxean bultzada bat eskuratu beharko lukete, irakurtzen jakin aurretik ere. Baina zoritxarrez, hau ez da horrela. Zorionez, haurraren arlo guztietan literatura sustatzeko asmoz, Bularretik Mintzora proiektuak familia liburutegia eskola triangelua batzen du. Horretarako, liburutegiaren eta eskolaren arteko lotura sortuko da, "eskolako motxilen" bidez. Motxila txiki horiek ikasgelan egongo dira, astean behin haur batek liburutegitik liburu bat maileguan eraman dezan.

Motxila etxera eraman aurretik, haurrak liburutegiko txartela atera beharko du. Behin txartela edukita, gurasoekin liburutegira joango dira,Galtzagorri Elkarteak gomendatutako liburuekin berariaz egindako apalategi bateko liburu bat aukeratuko dute. Liburua hartu ondoren, liburu hori etxera eramango du familiak eta bi egunez etxean izango dute. Egun horietan, gurasoek eta seme-alabek liburua irakurri, kontatu edo jolastuko dute, irakurketa partekatua izan dadin eta gurasoek eta seme-alabek irakurketaren gozamenean oinarritutako elkarrekintzaz goza dezaten. Bi egun igaro ondoren, haurrak liburua eskolara eramango du; liburu hori astebete egongo da eskolan, behatzeko, irakurtzeko eta kontatzeko. Astea amaitzean, beste haur batek eskolan dagoen liburua hartuko du, motxilan sartuko du eta prozesua berriro hasiko da.

Horrez gain, aipatu behar da proiektuarekin hasi baino lehen, gurasoei informazioa ematen zaiela eta proiektuan aktiboki parte hartzera gonbidatzen zaiela, haien laguntzarik gabe ezinezkoa izango bailitzateke prozesua aurrera eramatea.

Konturatu gabe, denontzat erraza eta atsegina den moduan, Bularretik Mintzora proiektuak haurrak literaturarekiko duen maitasuna eta irakurketaren eta idazketaren oinarrizko gakoak barneratzeko dituen trebetasunak sendotzeko behar dituen oinarrizko hiru zutabeak batzen ditu.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Galzagorri Elkarteari eta bereziki Itziar Zubizarretari egindako lan guztiagatik, baita bide honen hasieran bidelagun izateagatik eta proiektu hau Aretxabaletako Kurtzebarri eskolan martxan jartzeko aukera eskaintzeagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak