Iruditzen zait hitz egiteko modua ari dela aldatzen eta ari garela hartzen lehen ez genituen ohitura batzuk. Badakit dela normala hizkuntza joatea aldatzen, baina uste dut aldaketa batzuen inguruan egin behar dugula gogoeta.
Listo, lehenengo paragrafoarekin nahikoa. Azken asteetan konturatu naiz gero eta maizago erabiltzen dugula aurrerakarga; gero eta gehiagotan jartzen dugula aditza esaldiaren hasieran. Gaztelaniaz egin ohi den bezala. Batez ere, hitz egiterakoan sumatu dut joera hori, eta aitortuko dut kezkatzen nauela. Kasu batzuetan zentzua dauka aditza aurrera eramateak, gauzak ulergarriago egiten baititu horrek, baina esango nuke behar baino gehiagotan ari garela erabiltzen, ia oharkabean pasatzeraino.
Ni ez naiz filologoa eta, agian, ez naiz nor hau baloratzen hasteko, baina gero eta gehiago ari naiz fijatzen kontu horretan, eta zer pentsatua eman didanez, partekatzea pentsatu dut. Edo pentsatu dut partekatzea?