Jaiak urteko sasoi honetan izaten dira herri gehienetan, eta etengabe entzuten dugu uda festa garaia izaten dela. Baina Bergaran, ez. Auzoetakoak haserretu egingo zaizkit, eta esango didate, besteak beste, sankristobalak ospatzen direla Aldai Egian, Santa Ana Bolu inguruan eta Kofraixak Osintxun. Eta, bai, ados nago, baina herriko jaiez ari naiz.
Bageneukan aukera udan festak ospatzeko, San Roke baita Bergarako patroia. Batzuek kontuan izaten dute data hori, baina Udalak etxez etxe banatzen duen agendan ez da agertzen abuztuaren 16ko ospakizuna. Zergatik? Ez dagoelako inor herrian? Eta egitaraua antolatuko balitz, jendea geldituko al litzateke Bergaran?
San Roke esan dut, gure festa gehienen oinarrian Elizako egutegia dagoelako, baina, egia esan, ez dugu santu baten beharrik festak ospatzeko. Nahi izanez gero, bilatu daiteke beste aitzakiaren bat.
Eskerrak domeka honetan sanmartzialak ospatuko ditugun, eta hala kenduko dugu, nolabait, udako festen arantza.