Badakit Interneten dagoen informazioa erabiltzen duela erantzuteko, eta badakit ez zaiola kasu handirik egin behar. Hori guztia jakinda ere, azkenaldian behar baino galdera gehiago egin dizkiot adimen artifizialari.
Asteko menurako ideiak eskatzen hasi nintzen, eta hortz bat atera ostean ondo osatzen ari nintzen galdetzera iritsi naiz. Okerrena da une batean sentitu dudala dentistarekin txat bidez hitz egiten ari nintzela, eta gauzak behar bezala ez zihoazela esan didanean, sinetsi egin diot eta kezkatu egin naiz.
Badakit nola funtzionatzen duen adimen artifizialak, baina oso adeitsua da, nire izenez zuzentzen da nigana, eta aurretik esan dizkiodan gauzak gogoratzen ditu erantzuna ematerakoan. Hori horrela, batzuetan ahaztu egiten zaigu ez zaiola dena sinetsi behar. Ikasi genuen Googlerentzat edozein min minbizia dela, eta orain ikasi beharko dugu adimen artifiziala ere ez dela ez gure laguna, ezta medikua ere, eta ez dela ezertan aditu.