Besteak beste, kanalak gurutzatzen dituzten zubietatik pasatu naiz, baina, zoritxarrez, ezin izan naiz gondolan ibili. Izan ere, ontzi bila aritu banaiz ere, ez dut ez gondolarik, ezta gondolaririk aurkitu.
Esaten dute turista asko dagoela Venezian. Gehiegi, egia esan. Niri, ordea, ez zait hori iruditu. Bertako jendea ikusi dut, batik bat, presaka, ingurura asko begiratu gabe. Dena den, patxadaz eta elkarren artean hizketan ere ikusi ditut herritar batzuk. Gainera, uste dut duela bizpahiru aste festak izan zituztela, baina ez ziren Karnabalak, San Martin bueltan ospatu baitituzte.
Venezia diot, haren itxura duelako, baina, egia esan, gure Venezia txikiaz ari naiz: Bergarako Barrenkaleaz. Oraindik ez baduzu argazkirik atera atarietatik irteteko jarri dituzten zubietan, ea datozen egunetan hori egiteko aukera duzun. Badaezpada, ez utzi plana beste momentu baterako, hemendik hilabete batzuetara ez da-eta Venezia txikiaren arrastorik geldituko.