Esan nahi duzun bezala. Pentsatu duzu nora joan oporretan? Egin duzu erreserba? Oraindik ez? Ba, jakin berandu zabiltzala. Jendeak urritik edo azarotik dauka dena hartuta, eta zuk oraindik ez duzu erabaki ea Landetara joango zaren, Benidormera, Londresera edo Kantabriara. Kontuan izanda zer egun den, seguruenik etxean geldituko zara. "Aurten dena oso garesti dago", esan zidaten aurrekoan. "Eta zer esanik ez udarako". Ba, hori ere ez duzu hartu. "Gu Balira goaz aurten". "Ni Mexikora noa". "Guk plan lasaia dugu: itsas bidaia egingo dugu Mediterraneoan zehar".
Zuk ere zerbait egin beharko duzu, noski, jaiegunak izanda ezin zara etxean gelditu. Astebete jai daukazunean ere beti galdera bera entzun behar izaten duzu: "Zer egingo duzu egun hauetan? Nonbaitera joango zarete?". Ba, ez dakit. Deskantsatu besterik ez dut egin nahi, eta astebete Egipton pasata, alde batetik bestera, ez dut uste atseden hartzeko tarterik izango dudanik.
Tira, ba, datozen egunetan kanpoan egongo naiz, deskonektatzeko beharra dut eta. Bueltan ikusiko dugu elkar.