Adin konkreturen bat betetakoan ala gazteek egiten dituzten gauzak egiteari uzten diogunean? Oraindik gaztea naizela esango nuke, baina sanferminetan parrandan atera beharrean egun-pasa joan gara Iruñera. Taberna bat edo beste aukeratzeko orduan, berriz, edaria kristalezko edalontzian ematen zuenaren alde egin dugu. Lagunartean ligatzeko kontuen inguruan jardun ordez, etxean zer xurgagailu dugun kontatzen ibili ginen, eta arropa zuritik kalimotxo orbainak kentzeko gomendioak partekatu genituen.
Oraindik gaztea naizela esango nuke, eta horren erakusle izan daiteke Tiktokeko kontua daukadala. Aurrekoan sare sozial horretan ikusi nuen bideo baten arabera, pinkie-ak adin batetik gorakoek janzten ditugula zioen. Gazteek galtzerdi luzeak erabiltzen omen dituzte. Galtzerdi luzeak eta praka zabalak.
Behintzat, badakit norbaitek argazkiren bat ateratzeko eskatzen badit bertikalean jarri behar dudala mugikorra. Zahartzen hasia naizen arren, oraindik ere gaztea naiz.