Ezinezkoa dirudi lehergailu baten erradiazioari hatz batekin aurre egiteak, baina, antza denez, horrela jakin dezakegu onik atera gaitezkeen ala babesleku batera joan behar dugun. Gure atzamarrak ez du leherketa galaraziko; neurgailu lanak egingo ditu. Eztandaren bat egonez gero, gure atzamarra atera beharko genuke, okay egiten ari bagina bezala. Bonbak sortutako onddo erradiaktiboa zure hatza baino txikiagoa baldin bada, egin ihes kontrako norabidean. Handiagoa bada, zureak egin du.
Fallout telesailean diote hori, eta informazio bila aritu naiz. Nagasakin jaurti zuten Fat Man bonbak 4,5 kilometroko eragin-eremua izan zuen, eta inoiz sortu den lehergailu atomikorik ahaltsuenak 91,8koa izango luke. Bonbaren keak gehienez ere gure atzamarraren altuera badu, leherketa gugandik 152 kilometro ingurura izan da, eta onik irteteko aukera izan dezakegu. Beste kontu bat da eztandaren ostean etor daitezkeen euri azidoa eta erradiazioa. Ez dakit zer sinesgarritasun maila duen teoria honek, baina, badaezpada, hortxe datua.