Disziplina desberdinak uztartzen ditu "Artxipielagoa" ikuskizunak, eta disziplina bakoitza irla batekin alderatuz hasi zuen Andoni Egaña bertsolariak emanaldia. Bertsoaren irla, txistuaren irla, txeloaren irla eta pianoaren irla elkartu ziren lehendabizi eta, Egañak berak Oñatiko emanaldirako propio prestatutako bertso sortarekin Santa Anan bildutakoei ongi etorria eman zien.
Ondoren, operaren irla aurkeztearekin batera, emanaldiaren atal klasikoena etorri zen. Nazioarte mailan ezaguna den Ainhoa Garmendia sopranoaren ahotsak Iparragirre, Guridi edo Garbizuren doinu ezagunak maisuki interpretatu zituen gainontzeko irlen laguntzaz. Irla guztiak bustitzen dituen itsasoa ere presente egon zen emanaldi guztian zehar Belen Ibarrola artistak prestatutako proiekzioetan.
Inprobisaziorako tartea ere izan zen emanaldiaren lehenengo zatian. Ikusle bati gaia jartzeko eskatu eta Egañak botatako bapateko bertsoei inprobisazioz jositako doinua jarri zioten Ramirez, Mendizabal eta Ormazabalek.
IKUSLEAK KANTUAN
Emanaldiaren bigarren atalak beste giro berezi bat sortu zuen Santa Anan. Egañak lekaixoa bota zien bertan bildutako ikusleei eta hauek ederki erantzun zioten. Dagoeneko euskal kantutegian errotuta dauden kantuak elkarrekin abestu zituzten Artxipielagoko irlek eta ikusleek elkarrekin. Euskal Herrian Euskaraz kantua elkarrekin abestuz amaiera eman zioten ordu t'erdiko emanaldiari.