Mendi federazioak egindako eskaerari erantzuteko egindako ikerketaren nondik norakoak azaldu zituen Zulaikak. Azterketa honetan mendiarekin eta hezkuntzarekin harremana duten hainbat taldek hartu dute parte, eta aniztasun horrek dakarren aberastasunak borobildu du ikerketa. Jasotako iritziak kontuan hartuta osatu ditu egoeraren diagnostikoa, jaitsieraren zergatiak eta mendizaletasuna bultzateko proposamenak.
Datuen azterketak argi erakusten du bilakaera ez dela ona eta etengabekoa dela ikastetxeek antolatzen dituzten mendi irteeretara joaten diren ikasleen jaitsiera. Horren arrazoi nagusiak zeintzuk izan daitezkeen ere aipatu zituen: beste kirol batzuek hartu duten indarra, ordutegiak, esfortzuaren kulturaren galera, eskola kirolak zehazten dituen arauak ez errespetatzea ...
Joera honi aurre egiteko eta mendizaletasuna indartzeko neurriak ere aipatu zituen. 100 neurriko zerrenda horretako batzuk dira ondorengoak: ibilbideak egokitu, ordutegiak moldatu, mendi irteerak beste ekintza batzuekin lotu, irteera batzuk larunbatetako ekintzetan txertatu ...
Hitzaldira bertaratuek Oñatik gai honen inguruan bizi den egoera aztertu zuten eta hobekuntzarako interesgarriak izan daitezkeen hainbat neurri proposatu zituzten.
Argi geratu zen mendizaletasunak askotariko onurak dakarzkiela gazte eta helduei, eta beharrezkoa dela hausnarketa sakona mendizaletasunak merezi duen bezala baloratua izan dadin eta mendira joaten den ikasle kopurua igo dadin.
Luix Mari Zulaikak aipatu zuen ikerketa hau laster argitaratuko da eta ikastetxe eta mendi taldeei helaraziko zaie. Bitartean, interesa duenak lotura honetan eskura dezake informazio gehiago.
MENDIMETROAK EKIMENA
Zulaikak mendizaletasunari buruz duen filosofiarekin bat eginez, Kilometroak ekimenaren testuinguruan, Gipuzkoako ikastola guztiek maiatzaren 21ean Mendimetroak deritzon ekimena aurrera eramango dute. Egun horretan ikastolek, bakoitzak bere inguruan duen mendi batera txangoa antolatuko dute. Ekimen sinbolikoa da, baina horren bitartez mendizaletasuna kirol bat baino gehiago dela aldarrikatuko nahi da.