Edozelan ere, herri barrura sartu edo egun horretan kanpora atera nahi duten herriguneko bizilagunek ez dute arazorik izango horretarako.
Masterreka edo Zubietatik Bideberrirako sarrera-irteera itxita egongo da.
Ertzainak egongo dira Ibarrako, Tximelako eta Hondartzako biribilguneetan eta Amillagako bidegurutzean –Mekolaldera bidean–. Bestalde, Ibargaraiko bus geltokiko bidegurutzean, autobusek bakarrik izango dute baimenduta sarrera herrira; edo antolakuntzaren baimen berezia dutenek.
Aparkalekuak
Herriguneko hainbat aparkaleku libre utzi beharko dira. Kilometroak jaiko zirkuituko gune diren Azokako eta Matxiategiko aparkalekuak libre utzi beharko dira larunbat 14:00etarako. Bestalde, Ibargarai, Espoloia eta beste kale batzuetatik ere kendu egingo dituzte aparkalekuak; larunbat 18:00etarako libre laga beharko dira. Horien alternatiba moduan, Mariaren Lagundia, Ipintza eta San Martin ikastetxeetako patioak aparkaleku moduan erabili ahalko dute kale horietako bizilagunek.
Oinez edo bizikletaz
Bergarako udaltzaingotik aholkatu dute autoak ahalik eta gutxien erabiltzea, oso premiazko kontuengatik bakarrik. "Sarrera eta irteera guztiak itxita egon arren, premiazko gauzak badira, beti egongo da pasatzeko aukera. Hala ere, gure gomendioa da oinez, bizikletan edota Herri-busean –normal funtzionatuko du– mugitzea", adierazi du Jon Ander Arriola Bergarako udaltzainak.
Udaltzaingoak, era berean, herritarrei eskatu die, "mesedez", kolaboratzeko eta autoa kendu behar izanez gero, ahalik eta azkarren kentzeko.