Kilometroak 2016 Bergara

Etorkizuneko Kilometroak irudikatzen

Larunbateko saioan parte hartu zutenek argazkia atera zuten amaieran.

Kilometroak 2016ko Demasa Kultur Hamabostaldiaren testuinguruan, Gipuzkoako 24 ikastoletako ordezkariak Bergarako Aranzadi Ikastolan bildu dira oraingo larunbatean.

Topagune honen xedea da Kilometroak jaiak, etorkizunari begira, behar dituen doikuntzak aztertzea. Izan ere, aurten Bergaran ospatuko den Kilometroak jaia 40. edizioa izango da, 1977. urtean Beasainen antolatu zen lehenengo haren berrogeigarrena, hain justu ere.

Gipuzkoako ikastola guztietako ordezkariez gain, Kilometroak jai ezberdinetan koordinatzaile gisa parte hartu duten pertsonak ere izan dira goiz bateko hausnarketa prozesuan. Baita Josu Erguin, Kilometroak jaiaren sortzailea bera ere.

Topagune honetarako, World Kafe metodologia erabili da. Hau da, parte hartzaileak, azpilantaldeetan banaturik, goiz osoa eman dute ideia, iritzi eta proposamenak partekatzen. Hausnarketa saioa, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak abian jarri berri duen Kilometroak bidea prozesuan baitan kokatzen da.

Larunbatean, irailaren 17an, Bergaran egin den saioan, honako galdera eta kezka hauei erantzuten saiatu dira parte hartzaileak:

  • Nola, zergatik eta zein helburuarekin uste duzu sortu zela Kilometroak?
  • Egin dezagun azterketa konparatiboa: 1977. urtea, Beasain; 2015. urtea, Usurbil. Norberaren informazioa eta ustea jarraituz, atera ditzagun pareko eta ez parekoak diren errealitateak.
  • Guztion artean egin dezagun Kilometroak jaiari buruzko AMIA analisia.
  • Nola irudikatzen dugu etorkizuneko Kilometroak?
  • 40 edizioa betetzear da. Urriaren 2an, Bergaran izango da hori. Modu arin eta eskematikoan egin dezagun memoria: 39 urte hauetan zein egoera politiko, sozial, linguistiko eta instituzionala bizi izan du Kilometroak jaiak?

Aranzadi Ikastolan burutu den saio honen ondorioak, datozen egunetan irakurri ahal izango dira abian jarriko den www.kilometroakbidea.eus webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak