Alos Quartet soka laukote tolosarraren azken diskoaren izenburua da Garden, baina hori baino askoz ere gehiago da irailaren 24an Bergarara helduko den ikuskizuna. Izan ere, musikaz gain, beste osagai batzuk ere izango ditu eta puntako talde eta bakarlariak batuko ditu agertokian: Eñaut Elorrieta Ken Zazpi taldeko konpositore eta abeslaria; Oreka TX txalaparta taldea eta Edu Muruamendiaratzen Aukeran dantza konpainia.
Luxuzko kartela, 15 euroren truke, Bergarako Udal Pilotalekuan, irailaren 24an, larunbata, 22:30etik hasita. Sarrerak salgai daude, dagoeneko, www.pikupe.com webgunean edo Pikupe Produkzioak-ek Bergaran daukan egoitzan.
Alos Quartet taldeak hainbat kolaborazio egin ditu, askotariko artistekin. Garden ikuskizuna, Bergarara ekarriko duten formatuan, Bilbon bakarrik eskaini dute, oraingoz, aurtengo apirilean. Estreinaldi ikusgarri haren ostean, Bergaran egingo dute hirugarren geldialdia; abuztuaren 13an, Ezpeletan izango dira. Bergarakoa, hortaz, aukera bakarrenetakoa izango da punta-puntako ikuskizunarekin gozatzeko.