Goienak eta Kilometroak 2016k lankidetza hitzarmena sinatu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Iban Arantzabal eta Arantza Manterola.

Goiena Komunikazio Taldeak eta Kilometroak 2016k lankidetza hitzarmena sinatu dute aurten Bergaran egingo den Kilometroak jaia sustatzeko. Bi erakundeak euskalgintzako eragileak izanik, elkarlanerako asmo eta borondate sendoa agertu dute.

Iban Arantzabal Goienako zuzendari nagusiak eta Arantza Manterola Kilometroak Kultur Elkartearen lehendakariak sinatu dute hitzarmena. Haren arabera, Goienak konpromisoa hartzen du Kilometroak dela-eta urtean barrena antolatzen diren ekitaldiei zabalkundea egiteko bere hedabideetan, Kilometroak 2016ko Komunikazio batzordearekin elkarlanean. Era berean, publizitatean deskontu berezia aplikatuko dio Kilometroak 2016ri. Goiena Klubaren bazkideen artean, bestalde, Kilometroak 2016ko produktuak zozkatuko dira.

Kilometroak 2016ko antolatzaileek, bestetik, Goiena Komunikazio Taldearen publizitatea eta sustapena egiteko konpromisoa hartzen dute, karteletan eta bestelako euskarrietan.

Era berean, bi aldeek, elkarrekin aldizkari bat aterako dute irailean. Kilometroak 2016ren gaineko aldizkaria. Debagoienean etxerik etxe eta Gipuzkoan ikastoletako gurasoen artean banatuko da aldizkari hori. 37.000 ale banatuko dira guztira.

Iban Arantzabal Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusiak nabarmendu du Kilometroak 2016 festa aurten eta datorren urtean Debagoienean antolatuko denez, Goienarentzako inportantea dela lurralde osoan oihartzuna daukan jaia sustatzea eta antolatzaileekin elkarlanean jardutea, biak ere euskalgintzako agente diren neurrian. "Goienaren kontsumitzaile dira ikastoletako komunitatea osatzen duten guraso, ikasle, irakasle eta langileak, oro har, eta alor ezberdinetan euskara sustatzea helburu duen Kilometroak 2016 jaiaren balioekin bat egin du Goienak. Bi erakundeak elkarlanean jarduteko bokazio osoa dute" esan du Arantzabalek.

Gizarte helburuak dituzten hainbat eragilerekin hitzarmenak sinatzen dituztela adierazi du Arantza Manterolak. Hala nola, Real Sociedad Kirol Elkartearen fundazioarekin eta beste batzuekin, eta Goienarekin ere euskalgintza alorrekoa izanik, modu naturalean eta pozik sinatu dutela lankidetza hitzarmena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.