Pikupe Produkzioek Bergarako Artekalean duten egoitzan ere eskura daitezke, bulego orduetan: 09:00-13:00 eta 16:00-19:00.
Emonen emanaldiaz gain, beste hainbat iragarri dituzte abestiaren aurkezpen jaialdirako. Era askotakoak, gainera: Manex Alberdi eta Olmar Elejaga dantzarien desafioa; Iñaki Mata eta haren Barreras txotxongilo ikuskizuna; Asier Kidam mago euskaldunaren emanaldia; Markel Uriarte txirrindulari aretxabaletarraren erakustaldia bizikletaren gainean…
Emanaldiaren aurretik, 19:30ean, kalejira bat izango da Bergarako Erraldoi Taldearekin eta trikitilari zein soinujoleekin, gaua girotzeko, eta kalejira hori 09:00ak aldera amaituko da, Udal Pilotalekuaren kanpoaldean. Bertan, eta jaialdia hasi arte, Azkaiter Pelox Trio eta Iñaki Mata izango dira.
Amaia Txintxurreta (Goiena Komunikazio Taldea) eta Oihan Vega (EITB) kazetariek aurkeztuko dute saioa.
"Ikuskizun arin, emanaldi askotarikoekin, eta ikusgarria egin nahi dugu, familia osoarendako eta ondo pasatzeko. Gainera, Demasa abestia lehen aldiz zuzenean ikusi eta entzuteko aukera izango dugu Emonen eskutik eta abestian parte hartu duten hainbat gonbidatu bertan izango dira" dio ikuskizunaren koordinatzaile Iker Muruamendiaratzek. "Ukitu urbanoa eman nahi diogu ikuskizunari eta hala, kaleko dantzak, grafitiak, bizikleta gaineko akrobaziak eta beste izango ditugu" dio.