Abestia grabatuta, bideoklipa grabatzen

Erabiltzailearen aurpegia Kilometroak 2016 Bergara 2016ko api. 28a, 22:17

Abian da Demasa abestia, Kilometroak 2016ko kantua. Oraingo egunotan grabatu, nahastu eta masterizatu dute Elkar eta AME estudioetan. Emon taldeak egin du musika eta Maddi Iñarrak letra. Abestiari irudiak asteburuan jarriko zaizkio. Bideoklipean parte hartu nahi duen orok, zapatuan Bergarako Seminarioko jolastokira agertzea besterik ez du. 15:30ean. Kilometroak 2016ko arropekin.

Bideoklipa eta abestia maiatzaren 11n aurkeztuko dituzte, eta hortik aurrera egongo da ikusgai eta entzungai. "Jaietan tabernetan eta txosnetan, eta gailu guztietan entzutea da asmoa", dio Ekaitz Aranberrik, Kilometroak 2016ko koordinatzaileak. Abestia zuzenean, berriz, maiatzaren 20an gozatu ahalko da, Udal Pilotalekuan egingo den jaialdi berezian.

Erritmo latindarrak

Abesti dantzagarria da, festa girokoa, erritmo latindarrak, euskal folka eta rapa nahasten dituena. "Bitxia atera da!", dio Emon taldeko Aritz Alustizak. Hau guztia, "base elektroniko batzuekin eta samplerrekin" nahastuta. "Positibismoa transmititu nahi izan dugu. Demasa hitzak berak indar handia dauka eta musikak eta letrak ere indarra transmititu behar zuten. Horregatik, abesti oso bizia egin dugu, intentsitate handikoa", dio.

Kolaborazio ugari

Emon taldeak hainbat kolaborazio izan du: Sorkun, Moro (Bad Sound System), Andoni (Kometa), Unai Azkaiter Pelox, Porrotx, Beloki, Aranzadi Ikastolako neska-mutiko taldea… eta horrek aberastu egin du kantua.

Doinuari hitzak Maddi Iñarra bergararrak jarri dizkio. "Esperientzia berria izan da, sekula egin gabeko zerbait", dio. Musika zein letra egileak "oso ondo elkar ulertu dugu eta hartu-eman handia izan dugu zalantzak argitzeko".

Eta zer kontatzen du, bada, abestiak? Iñarrak berak azaltzen du: "Leloa Demasa izanda, adierazi nahi dut euskaldunok ere, komunitate txikia izanagatik, demasak garela, gure hizkuntza demasa dela, beste edozein bezain baliagarria… eta ikastolak, eta Aranzadi, demasak direla".

Bideokliperako estrak

Bideoklipa gaur egunotan grabatuko dute. Zapatuan, estra lanetan jarduteko dei egin diete herritarrei. 15:30ean Seminarioko jolastokian Kilometroak 2016ko arropekin agertzeko dei egin dute. Irudiak pare bat ordutan grabatuko dituzte estrekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak