Aitziber Lopez de Aretxaga presidenteak eta Ane Barruso zuzendariak hartu dute lekukoa, Xabier Alustiza Udarregiko lehendakariaren eskutik. Ekitaldian, Udarregi Ikastolako zuzendari Mariaje Imazek eta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakari Arantza Manterolak ere hartu dute parte.
Lopez de Aretxagak eta Barrusok pozik eta arduratsu hartu dute lekukoa. Adierazi dute dagoeneko lanean hasiak direla 2016ko urriaren 2an Bergaran egingo den Kilometroak jaia antolatzen.
Milaka lagun elkartu dira Usurbilen
Milaka lagun elkartu dira Usurbilen Ikastolaren aldeko jaian. Aurtengo ekitaldiak Udarregi Ikastolaren eraikin berria ordaintzeko dirua biltzea du helburu. Urtean zehar hainbat eta hainbat ekitaldi eraman dituzte aurrera hiru ildo kontuan hartuta: parekidetasuna, iraunkortasuna eta inklusibitatea. Urte guztiko lanak gaurko jaian izango du amaiera.
Juan Mari Torrealdai omendu dute
Torrealdai omendu dute gaurkoan. Besteak beste, Jakin aldizkariko zuzendari eta Euskaldunon Egunkaria-ko administrazio kontseiluko lehendakari izandakoa da Torrealdai.
Joxe Azurmendik, Torrealdairen lagun eta bidaideak, hartu du hitza omenaldian. Hunkituta hartu du hitza gero Torrealdaik, eta eskerrak eman dizkie Udarregi Ikastolari eta Kilometroak 2015eko antolatzaileei.
Aranzadikoak hirugarren, Erronkan
Bestalde, Erronka arrakastatsua izan da aurten ere. Orioko Herri Ikastolak irabazi du finala; Ordiziako Jakintza ikastolak eskuratu du bigarren postua, eta hirugarren postua Usurbilgo Udarregi ikastolaren Bergarako Aranzadiren artean banatu dute.