Bi eratako helburuak ditu Aranzadi Ikastolak hemendik eta datorren urteko urriaren 2ra arte, 2016ko Kilometroak egunera arte: helburu sozialak eta ekonomikoak.
Helburu sozialak
Sozialei dagokienez, herriarekin, eskualde osoarekin eta Gipuzkoarekin erakutsi nahi dute Ikastolen Elkartea mundiala dela, Aranzadi ikastola mundiala dela eta bertan parte hartzen duen jendea mundiala dela.
Izan ere, urte osoan zehar eta jaian bertan, adimen, adin, pentsaera, sentimendu, joera, jatorri, hizkuntza edota gaitasun guztiak batu eta elkarrekin lanean jarri nahi ditu Aranzadi Ikastolak, kilometroen, euskararen eta ikastolen mesedetan.
Helburu ekonomikoak
Helburu ekonomikoei dagokienez, bestalde, duela bost urte Seminarioko eraikin bakarrean ikastolako 712 ikasleak eta 62 profesionalak batzeko egindako obrei aurre egin behar izango die, eta Kilometroak baliabide ezinbestekoa izango da horretarako.
Eraikina berritzeko obrak, baina, berritze fisikoa ez ezik Aranzadi ikastolari berritze pedagogikoa ere ekarri diola adierazi dute gaur hedabideen aurrean egin duten aurkezpenean.
Aranzadi Ikastolan, honenbestez, lanean hasiak daude Kilometroak 2016 antolatzen. Dagoeneko, 15 batzorde sortu dituzte. Horietatik, esaterako, buru-belarri ari dira lanean arropa salmentakoak. Berehala hasiko dira herririk herri arropa eta osagarriak saltzen. Bestalde, denda prestatu, atondu eta azaroaren 9rako gertu egongo da Bidekurutzeta kalean.
Aurkezpen jaialdia
Oraingo egubakoitzean iluntzeko 19:00etan emango zaio hasiera ofiziala Ikastolako jolastokian egingo den ikuskizunean. Han erakutsiko dituzte Kilometroa 2016ko arropak, leloa eta irudia.
Eta Usurbilgo Udarregi ikastolaren eskutik jasotako lekukoa herriari eskainiko die, bergarar guztiei. Kilometroak denekin batera antolatu nahi dute-eta.