Ikastolako jolastokia jendez bete da ekitaldi labur bezain ikusgarrian eta Aranzadiko lehendakari Aitziber Lopez de Aretxagak nabarmendu du Kilometroak 2016 "herriarekin egin nahi" duten jaia izanez, lekukoa ere herriari eman diotela, herriko etxean, udaletxean, gordetzeko. Juanje Alberdi Bergarako alkateak jaso du lekukoa.
Ekitaldia ikusgarria izan da, batez ere honako osagaiengatik: umorea, musika, dantza, akrobazia…, eta eskalatzaile batzuek ikastolako fatxadan egin duten dantza saioa. Soraluce kooperatibak babestuta egin dute.
Ikastolako guraso eta irakasle baten arteko solasaldia, bakarrizketa bat, ikus-entzunezkoak… ere izan dira. Azken hauen bidez, batetik, 1991ko eta 2007ko Kilometroak gogoratzeko aukera izan dute bertaratuek; izan ere, urte horietan ere antolatu zuen Kilometroak jaia Aranzadi Ikastolak. Era berean, 2007an lortutako diruarekin, ikastolako eraikina berritu zenez, berritu aurreko eta osteko irudiak erakutsi dira, ikastolak izan duen bilakaera nabarmentzeko. Horretaz gain, ikastolako komunitateko kide diren pertsona batzuen adierazpenekin egindako bideoa ere erakutsi dute.
Ekitaldia amaitzeko, Demasa irudia erakutsi dute, modu animatuan, eta dantza-akrobazia, polka eta batukada saioak ere izan dira.
Juanje Alberdi alkateak, Aranzadiko lehendakari Aitziber Lopez de Aretxagaren eskutik jaso duen lekukoa udaletxean gordetzeko eta herriarekin batera Bergarako Udalak ere Kilometroak 2016 jaian parte hartzeko borondatea agertu du.
Lopez de Aretxagak, berriz, amaitu du esanez, "errespetuan, demokrazian, autonomian eta parekidetasunean" igaro nahi duela Aranzadik herritarrekin batera urte hau eta balore horiek ikastolarekin "konpartitzera" gonbidatu ditu herritarrak.
Demasa
Horixe da Bergaran egingo den Kilometroak 2016rako Aranzadi Ikastolak eta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak aukeratu duten leloa: Demasa.
Jaialdi mundiala antolatu ohi du Aranzadi Ikastolak, urtero, San Juan bezperan, ikasturteari amaiera emateko. "Mundiala da, gure ikastola", abestu ohi dute ikasle, irakasle eta gurasoek elkarrekin, udari hasiera ematen dion jaialdian.
Tumatxa edota Demasa dira Mundiala berbaren sinonimoak. Niko Etxartek ekarri zuen euskarara Too much. EtaTumatxa musika egin zuen. Zakilixutek ere ezagun egin du…
Bergara aldean, ordea, Demasa esaten diogu, zerbait sekulakoa, mundiala, handia, bikaina, ederra… dela adierazteko.
Eta Kilometroak 2016 halakoa izan dadila nahi dugu: Demasa, demasekoa, ahaztuko ez duguna.
Izan ere, erakutsi nahi dugu Ikastolen Elkartea demasa dela, Aranzadi Ikastola demasa dela, bertan parte hartzen duen jendea demasekoa delako eta denok elkarrekin sekulako ahalmena daukagulako gauza handi eta berriak egiteko.
Ikastolen elkartea osatzen duten ikastolak, denak ikastola izan arren, bakoitza besteekiko desberdina da. Batzuk, handiak; beste batzuk, txikiak. Batzuk, eremu erdaldunean kokatuak; besteak, mistoan; beste batzuk, giro euskaldunean. Batzuk, kooperatiba integrala; beste batzuk, gurasoen kooperatiba… Eta aniztasun hori da Ikastolen Elkartearen potentziala, ikastolak demaseko egiten dutena.
Demasekoa izan da ikastolen eta Aranzadi Ikastolaren aldaketarako gaitasuna. Datorren urtean 45 urte beteko dituen ikastolaren gaitasuna bere burua berrasmatzeko eta aitzindari izateko: euskalgintzan, hezkuntzan, pedagogian…
Azken urteotan ikastolak izan duen itxuraldaketaz harago, apustu sendoa egin berri du Aranzadik pedagogia berritzaileen bidez beste behin kalitatezko hezkuntza ziurtatzeko, argi daukalako zelako ikasleak hezi behar dituen halako hiritarrak jar ditzan herriaren mesedetan.
Kilometroak 2016 demasa izan dadin, herriarekin egin nahi du Aranzadi Ikastolak: Bergararekin, Debagoienarekin eta Gipuzkoarekin. Ez da helburua jendeak guri laguntzea, jendea bera kilometroak antolatzen, diseinatzen, eraikitzen, nahi dugu. Aranzadiren helburua da Kilometroak denona izatea eta, horretarako, denok elkarrekin, kooperazioan, egin behar dugu. Horrek bihurtuko du demasekoa. Horrek ekarriko ditu ideia berriak, sormena, bikaintasuna.
Ea, bada, datorren urteko urriaren 2aren ostean, harro esateko gauza garen denok: "Kilometroak 2016 demasa izan da!".
Irudia
Demasa adierazten duen irudia Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak diseinatu du.
D handi batek hartzen du irudian nagusitasuna eta D ugarien bitartez osatzen da irudia. Egungo joera da berbak osorik ez idaztea eta elipsi horretaz baliatu da diseinugilea irudia egiteko: D(E)MASA.
Koloretsua da irudia, pastel kolorekoak nagusitzen direlarik.
Espero dugu gustukoa izatea eta Kilometroak 2016 eta Bergara zerbait handi, eder, mundial, demasekoa dela adierazteko eta gogorarazteko balio izatea.