Askapena (ere) ilegalizatu gura dute

Erabiltzailearen aurpegia Kirmen Gaztelu 2015ko ira. 7a, 00:00

Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalista da eta bere jarduna munduko beste herri borrokalariekin elkartasun politikoan oinarritutako harremanak sortzean datza.

Venezuelarekin, Kolonbiarekin, Kubarekin, Sahararekin, Kurdistanekin, Donbassekin, Kataluniarekin, Palestinarekin... betiere, Euskal Herriaren askapen borrokan murgilduta. Horretarako, brigadak, hitzaldiak, kanpainak, kontzientziaziorako tresnak, komunikazio politikorako bideak... antolatzen ditu. Izan ere, herri zapaldu guztion helburua da mundu honetako sistema kapitalista-inperialista apurtzea eta mundu justuago, parekideago eta libreagoa eraikitzea. Beraz, elkar indartzeko beharra daukagu. 

Hala ere, munduan zehar Euskal Herriaren berri ematea eta Euskal Herrian beste herri borrokalariekiko babesa eta elkarlana egotea Espainiako Estatuak jasan ezin duen zerbait da, horrela gure zilegitasuna eta indarra hazi egiten direlako. Horregatik, Estatuak Askapenaren aurkako ilegalizazio prozesua martxan jarri du eta bost kiderendako seina urteko espetxe zigorra eskatzen du. Ondo ezagutzen dugun Auzitegi Nazionalean egingo da epaiketa aurtengo urrian, eta ezinbestekoa da herritarren mobilizazioa, epaile torturatzaile eta faxista horiei oraingoan ere herri hau oinperatuko ez dutela entzunarazteko.

Hortaz, Askapenetik dei egiten diegu debagoiendarrei ahal duten bezala ilegalizazio honen aurka egin dezaten, bidegabekeria honen salaketa zabalduz. 

Bereziki, irailaren 26an, 18:30ean, Arrasateko plazatik abiatuta egingo den manifestazioan parte hartzeko dei egin nahi dugu.

Hamaika herri, borroka bakarra!

----------

Kirmen Gaztelu

(Arrasateko Askapenaren izenean)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak