Goizean goizetik eta iluntzera arte, Bergarak duen kultura-ekintza oparoari esker, hainbat eta hainbat kultura-jarduera ikusteko, entzuteko eta sentitzeko aukera izango dugu: Taila eta zeramika tailerrak, Erraldoi taldearen ate irekien jardunaldia, Bergarako Stoltz-Freres Organoaren inguruko informazioa ematea, Beartek gidatutako Sketch marrazte saioa, musika tailerrak eta jokoak Musika Eskolak antolatuta, Musika Banda, Orkestraren atal batzuk, Alai Taldea, San Joxepe, Aritzeta, Orfeoia eta Orfeoi Gaztearen kontzertuak, dantza saioak... Eta, bukatzeko, kantu-jira herrikoia.
Kultura-ekintza horiek Bergarako Udalak antolatzen ditu herriko elkarteen laguntzarekin. Aipatu egin behar da urtez urte hobetzen doala egun berezi horren antolaketa, erraza ez den arren.
Hainbat helburu uztartzen ditu egun horrek. Horien artean bi nabarmenduko nuke: batetik, Bergarako herrian egiten diren gauzak jendeak gertutik ikustea. Bestetik, nire ustez helburu nagusia, jendearen parte-hartzea lortzea.
Partaidetza hau modu desberdinetan gauzatu daiteke. Modu errazena ikustera edo entzutera joatea izango litzateke. Beste modu bat da egun horretan dauden tailerretan edo kantu-jiran, adibidez, parte hartzea. Hirugarren modua elkarteetan sartzea izango litzateke, elkarte gehienak jendearen premia daukagu eta eskatzen duguna zaletasuna eta gogoa edukitzea da, beste guztia etorriko da jarraian.
Anima zaitez, bada, Kultura kalean egunean parte hartzera eta jarraitu nahi baduzu urtean zehar, denontzat hobe!