Oldarraldiaren eta larrialdiaren aurrean, pizkunde-gogoz geratu nintzen. Antolatu hitzak interpelatu nau ni, ez izan jarrera hotza egoeraren aurrean, ez izan axolagabe, ez etsi, antolatu… Amaieran gida bat partekatu zuten, bakoitza dagoen tokitik geldi ez geratzeko pista xume batzuk. Euskalduna bazara, euskalduna ez bazara, etorri berria bazara, eragile instituzionala bazara… Denok ditugu aldekotasuna erakusteko eta praktikatzeko moduak, denona da ardura euskararen aldekotasuna aktibazio logika batera ekartzeko, hizkuntza guztion proiektu kolektibo bihurtzeko… Baina ez naiz ari pertsonak euskarara eramateaz, kanpoan dagoen zera arrotz bat izango balitz bezala. Aitzitik, euskara pertsona guztien arteko elkar-ulertzeko eta elkarlanerako gune aktibo eta inklusibo bihurtzeaz ari naiz.
Horixe da benetako aktibazio logika. Eta proiektu hori, gainera, funtsean eraldatzailea da, Euskal Herria guztiok eraikitzen dugun eta guztiontzat den espazio linguistiko gisa berradierazten baitu.