Errotonda edo noria baten bueltaka ari garela, bidegurutze baten edo impasse egoeran gaudela, edo Aizkorrirako bidean Urbiako laino artean gelditu garela eta ez dugula ikusten mendi tontorrerako bidea. Azken 60 urteetan egindako lan handia aitortuta ere, ez gara iritsi espero genuen tokira. Aro bat amaitu eta beste bati ekiteko garaia dela diote. Eta proiekzio horiek ari dira lantzen Euskal Herriko hainbat eragile: Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Kontseilua, Topagunea… Eta mugimendu saretua dirudi horrek, zorionez.
Ibilbide horretan, AEDk 40 urte betetzen ditu aurten, 40 urte herriko euskaltzaleak trinkotzen, erabilera suspertzeko programak sortzen, gertuko sareetan komunitatea egiten, dispositibo sozial berriak eragiten –aisialdian, komunikazioan, kulturan, gazteekin…–, euskaldunon eskubideak zaintzen… Arrasateko eta Euskal Herriko eragileekin saretuta, aro berrian jarraituko du hiztuna erdigunean jartzen, komunitateko kideak formatzen eta zaintzen, ezagutza eta aktibismoa uztartzen, beste mugimendu sozial batzuekin elkarlana egiten… Ea Udalatxeko tontorrera iristen garen.