Goienaren aurkako pintaketen harira, J. Uribarreni erantzunez

Erabiltzailearen aurpegia Jon Zuloaga 2015ko eka. 13a, 00:00

Hasteko eta behin, elkartasunik sentikorrena Goienako langile guztiei, jakin ezazue burubako eraso honek jende asko mindu duela eta guri, herritarroi, eginiko erasotzat sentitzen dudala. Behin hau esanda, noan harira.

Joxe Migel Uribarrenek, EAJ-PNV alderdi eskuindarreko kideak, idatziriko solidaritate artikuluan badira hainbat gauza solidaritatetik gutxi dutena eta gainontzekoei eraso egiteko tresna bilakatu nahi izan dituena. Agian, Uribarren jaunak ez zituen asmo gaiztoz idatziko gutuneko hainbat lerro, baina, disimulutik urruti, min egiteko baliatu ditu hitzak.

Diozu oraingoan Goienari tokatu zaiola pintaketa eraso hau jasatea, beste komunikabide batzuek jasandakoekin alderatuz –kartel, pankarta...–. Barkatu, motz gelditu naizela ohartu nahiz, zuk eta zure alderdiak azken hauteskundeetan antza erasoren bat jasan izana ere aipatzen duzu… eta, beraz, lerro artean zuok jasandakoekin ere alderatzen duzu Goienak bizi behar izan duena. Politizazioa ez da batere ona, Uribarren jauna, eta are gutxiago herritik eta herritarrentzat sorturiko hedabide bati egin zaiona zuon aldera eraman nahi izatea. Alderdiak hedabide honi tiraka aritzea ere aipatzen duzu; tiratzaile onak zarete zuek, bai, berdin goma gaineko edo lur gaineko saiotan.

Bestetik, eta zuon ohiko jolasa edo denbora-pasa bihurtu den legez, hauteskunde lorrinekin zatoz. Zer dela eta zuzentzen zatzaizkio idatzian ezker abertzaleari? Esan beharrik ez dago bera jarri nahi duzula eraso honen egiletzat eta bere gain jarri ardura guztia, jokaera tristea bezain zikina, Uribarren jauna, baina zure alderdiaren izana ikusirik… inuzentea ni neu, ohikoa den zerbaitez harritu naizelako. 

Amaitzeko, esan, lerro hauek idazten dituenak guztiz, erabat eta indar osoz gaitzesten duela Goienak jasandakoa. Elkartasun keinu bat bera ere ez dago soberan, baina elkartasun horrek balio beza gure artean dagoen hedabide eder hau indartzeko eta bere lan eskergari jarraipena emateko eta ez, bide batez, elkartasun-eraso artikuluak idazteko edo hauteskundeetako emaitzek erakutsitakoa erasorako arma gisa erabiltzeko.

Jokin, Xabi, Mireia… animo! Eta orain arteko lan bikainak jarraipen luzea izango duelakoan, jaso ezazue besarkada sentikorrena.

----------

Jon Zuloaga

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak