Egia esan, ez nuen uste oraindik Arrasateko alderdi horrek euskararen aurka hainbeste zabor zeukanik botatzeko. Inozo samarra izango naiz.
Lehen orrialdetik bertatik, Oscar Garciak eta bere taldeak argi uzten dute gure hizkuntzarekiko daukaten jarrera:
1- Euskara bigarren mailan ageri da, hasierako orriko izenburuetan nagusiki –euskarazko testu nagusia baino bospasei bider txikiago emanez–, baina beste edozein testutan ere euskarazkoa bigarren lekuan eta letra etzanez dago, badaezpada. Inork ez dezan pentsa Arrasaten milaka urtez hitz egin izan dugun hizkuntza noizbait gazteleraren pare egon daitekeenik.
2- Euskarari dagokion ataltxoan, "euskara inposatu" egin zaigula baino ez du esaten. "Banatzeko eta baztertzeko", gainera. Ez du merezi euskaldunok erdara ere ikasi egin behar izan dugula gogoraraztea, euskararen egiturazko zailtasunak errepikatzea, euskara herri honetan gaztelera baino hamaika mende lehenagotik egiten dela esatea, gure hizkuntzaren aldeko neurriak hartzea gure eskubidetzat aldarrikatzea... Laburbilduz, ez du merezi PSEkoen ezjakintasun sakonean bilatzea eskuorri horretan agertzen denaren azalpena. Askoz errazagoa da: PSE –eta bere PSOEko nagusiak– euskararen aurka agertu izan da beti, sakoneko jokabide hori keinu hipokritekin estaltzen ahalegintzen den arren; Korrikaren batean parte hartuz, hitzaldietako batzuetan bi minutuz zerbait euskaraz irakurriz... Hori bai, botoa eman behar denean, euskarari arnasa emango liokeen edozein neurriren kontra emango du berea PSEk.
3- "Telebista publiko elebiduna" nahi ei dute; hau da, Goienan ere gaztelera sartzea. Ez omen dute nahikoa kioskoan dauden erdarazko argitalpen guztiekin, telebistan erdara hutsean dauden kate guztiekin –publikoak barne–. Espainiar inperialismoa aseezina da eta ezin du onartu euskara hutsean egon daitekeen espaziorik. Jakina, euskara ikasteko premia sentitzeari "inposaketa" deitzen diote, Espainiako Estatuak bere hizkuntza ofiziala mesedez ikas genezan eskatu izan baligu bezala. Inposaketa hitza euskararekin erabiltzen da, ez gaztelerarekin, ez ingelesarekin, ez matematikarekin, ez beste ezerekin.
4- Garbiketa deritzon azpiatalean, zikinkeria salatzeko Egunkaria-ren eta Berria-ren aldeko mural bat ageri da. Gogoratzen Egunkaria? Euskarazko prentsa armen bidez isildua, zuzendariak torturatuak eta espetxeratuak, epaiketa politikoak... PSE isilik eta PSOE txaloka zebilen bitartean –oroitu Legebiltzarreko botazioaz, PSOEko eledun Lopez Garridoren adierazpenez...–. Hori gogorarazten duen murala, baina, zikinkeria da Oscar Garciarendako.
Euskaraz dakien, euskara maite duen edota euskara errespetatzen duen inoren botoa ez dute merezi.
----------
Josu Zugasti
Arrasate