Ondo dakigu zer ekarri zuen gertaera hark gurera: langile mugimenduen eta abertzaleen zanpaketa, emakumeen eskubideen ukapena, ordutik konpondu ezin izan dugun euskararen itolarria, Estatu-sarraskiak, tortura…
Orain dela 90 urte bazekiten faxismoaren aurkako bidea erresistentzia zela, garesti ordaindu behar bazuten ere. Intxortako eta Muruko lubakietatik Leningradoko lakuetaraino, ehunka debagoiendarrek egin zioten aurre piztiari, txepelkeriarik gabe, inozokeriarik gabe eta garesti, oso garesti, ordainduta. Beranduago, Franco behingoz hil zenean, batzuek pentsatuko zuten faxismoaren garaia betiko amaitu zela Europan. Tira, albisteek egunero gogorarazten digutenez, zoritxarrez ez da horrela gertatu. Orain dela 90 urteko faxisten aurka borroka egin zutenak heroitzat baditugu, irmoki babes ditzagun gaurkoei aurre egiteko adorea izan dutelako jazarriak diren gazteak ere; txepelkeriarik gabe, inozokeriarik gabe.