Sugarrak ostertzean

Erabiltzailearen aurpegia Josu Zugasti 2024ko maiatzaren 10a

Liberalek esaten zuten, bloke sozialista jausi zenean, mundua oparotasun eta adiskidetasun aro batean sartuko zela, herrialde guztiak aberastuko zituen merkatu libreari esker. Oker zeuden.

Lehengaien agortzeak, ideologia erreakzionarioek, bloke kapitalisten arteko lehiak… gerra haizeak harrotu dituzte planetan zehar. Europar Batasuna sekulako eskalada militaristan murgildu da –armamentu nuklearraren espantsio planak barne–, ezkerreko nahiz eskuineko gobernuek bultzatuta.

Ekialde Hurbilean gure blokeak elikatzen duen genozidio bat martxan dago, Afrikako herrialdeak uztarri kolonial zaharrak gainetik kentzen ari dira eta Asian ere tentsioen gorakadak ez du etenik, inperio estatubatuarraren gainbeheraren lekuko.

Eta zer egin dezakegu guk, euskal herritarrok, langileok, halako munstroen aurrean? Bakarka, ezer gutxi. Baina gerra inperialisten aurrean posizionamendu ausartak hartzen dituzten antolakundeak babestu ditzakegu, euren mobilizazioetara joan. Antolatu eta presionatu. Adi, bada, mobilizazioei!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak