Latina galtzekotan eskoletan

Erabiltzailearen aurpegia Josu Zugasti 2023ko ekainaren 16a

Latina ikasteko aukera desagertzen doa Debagoieneko ikastetxeetan.

Egia esan, jendeari galdetuta, askok ez lukete jakingo zertarako ikasi behar den latina gaur, ez bada Batxilergoan Matematika gainetik kentzeko trikimailu gisa. Horregatik, ohikoa da entzutea ezagutzen ditudan Batxilergo Humanistikoko ikasleen ahotik ia inork ez dituela animatu latina aukeratzera –sarri, kontrakoa– eta batzuetan taldeak ez direla osatzen. Dena dela, latinak balio du. Balio du euskararen ondare linguistikoa hobeto ulertzeko, gaztelaniaren eta frantsesaren zuztarrak eta bilakaera ikusteko, balio du museoetako aztarnetan, monumentuetako idatzietan nahiz antzinako izkribuetan mintzo zaizkigun aspaldiko ahotsak aditzeko; baina, batez ere, balio du hizkuntzaren azpiegitura gramatikal eta morfologikoa hobeto ezagutzeko, eta, beraz, hizkuntzetan trebeagoak izateko, bai beste bat ikastean, bai dakizkigunak erabiltzean.

Hortaz, Filologia, Historia, Filosofia, Itzulpengintza… ikasteko asmoa dutenei latina onuragarria dela gogorarazi nahi nieke lerrotxo hauetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak